Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak historia egin du berriro, Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu baita
14-martxo-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak historia egin du berriro, Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu baita

Nadia Erostarbe

Zarauztarrak Newcastleko Challenger Seriea jokatu ondoren lortu du txartela, eta denboraldi oso bat elitean egingo duen estatuko lehen emakume surflaria izango da

Nadia Erostarbe, Basque Team Fundazioaren beka duen kirolaria, World Surf Leagueak (WSL) antolatzen duen Championship Tourrerako (CT) sailkatu den lehen emakumea da estatu mailan. Gipuzkoarrak 2026. denboraldirako postua ziurtatu du Challenger Seriei dagokien Bioglan Newcastle SURFEST proban, Merewether Beachen (Australia).

Bi eguneko itxaronaldi agonikoaren ostean, Nadia Erostarbe Championship Tourreko (CT) 2026ko surflaria da ofizialki. Igoera Newcastle Surfesteko azken-aurreko egunean erabaki da, Challenger Serieseetako azken geldialdian. Anat Lelior israeldarra final-zortzirenetan Ellie Harrisonen aurka kanporatuta geratu denean, hondartzan bere ametsa errealitate bihurtzeko zain zegoen zarauztarrak behin betiko txartela lortu du.

Nadia Erostarbek 2024an egindako denboraldi bikaina ez zen oharkabean pasa World Surf Leaguearentzat (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak gonbidapen bat eman zion CTko lehen hitzordu handian parte hartzeko 2025ean, Hawaiikoan. Orduko hartan, Nadia maila gorenera iristeko postu batera geratu zen, Challenger Serieseko seigarren surflaria izanda, horregatik aukeratu zuten Johanne Defayren baja betetzeko. Hawaiikoaz gain, lau proba gehiago jokatu zituen CTn.

Oraingoan, ordea, Erostarbek mugarri bat ezarri du, estatu mailan munduko elitean denbora osoko kide izango den lehen emakuema izango baita, Aritz Aranburuk gizonezkoetan lortu eta ia hamahiru urtera. 2025ean lehiaketa ordezko gisa dastatu bazuen ere, oraingoan ate handitik sartuko da, izen propioarekin eta plaza finkoarekin.

Bidea ez da erraza izan. Nadia presiorik handienarekin iritsi zen Newcastlera. Bere lehen txandako azken segundoetako lehentasun-akats batek txapelketatik kanpo utzi zuen behar baino lehenago, eta besteen emaitzen mende egotera behartu zuen. Orain, iazko esperientziarekin motxilan, Nadia bere bizitzako beste puntu batean helduko da CTra.

“Tourra oso gogorra izan zen niretzat iaz. Nire lehen aldia zen han, oso eszenatoki handia zen, eta benetan sentitzen nuen ez nintzela leku horretakoa. Baina aurten neure eskubidez sailkatu naiz. Askoz indartsuago sentitzen naiz. Psikologoen laguntza handia izan dut, eta hori zen gehien landu behar nuena. Eta surfa ere bai, entrenamendu asko. Prest sentitzen naiz”, adierazi du.

CTa apirilaren hasieran jarriko da martxan Rip Curl Pro Bells Beach-ekin, non Erostarbe lehen aldiz Munduko zirkuituko partaide ofiziala izango den. Beste mugarri historiko bat euskal surfarentzat, lehen aldiz emakumeen ordezkaritza egonkorra izango baitu kirol honen elitean. Gogoan izan behar da Nadia ere aitzindaria izan zela arlo olinpikoan, bera izan baitzen Jokoetarako sailkatu zen lehen euskal surflaria, eta Tahitin jokatutako 2024ko Pariseko hitzordu nagusian diploma bat lortu zuen.

Eguneko aurpegi mingotsa Newcastlen Annette Gonzalez-Etxabarrik eraman du. Zumaiarrak zazpigarren postuan heldu zen rankingera, eta 32 onen kanporaketan erorita, bere aukerak nola desagertzen joan diren ikusi du. Hala ere, Annettek 12 onenen artean bukatuko du, eta horrek hurrengo Challenger Serieetan tokia ziurtatzen dio, Qualifying Series (QS) delakoetatik igaro behar izan gabe.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago