MIKEL ODRIOZOLA: “LONDRESEN NIRE MARKATIK GERTU EGON EZKERO LEHENENEGO POSTUETATIK HURBIL EGONGO NAIZ”
Joko Olinpikoetan hirugarrenez 50 kilometro martxakoan parte hartuko duen Mikel Odriozola atleta gipuzkoarra, baikor azaldu da gaur proban lehiatzeko sei aste falta direnean. Basque Team-ek antolatuta Donostian azaldu da gaur hedabideen aurrean eta bere buruarengan konfidantza handia duela adierazi du, “nire markatik gertu egon ezkero lehenengo postuetaik hurbil egongo naiz” aipatuz.
Helburuak zehazterakoan, errenterikoak gaineratu duenez “Beijingen egindako 13. postua ontzea edota lehen zortzi sailkatuen artean kokatzea, hori nik uste dut nere esku dagoela, baina dominak lortzea baldintza askoren baitan dago, eguna, eguraldia…”. Prestakuntzarekin gustora azaldu da: “Herenegun egindako probak sasoiko nagoela erakutsi digu eta nire sentsazioek hori baieztatu dute; martxoan izandako infekzioak gaizki pasatu nuen baina orduan ere aipatu nuen horrek sasoiko iristea utziko zidala, hilabete baten faltan nahiko baikorra naiz”
Bi kilometroko barrutia izango da, hori bai, 25 aldiz egin beharreko ibilbidea. Abuztuaren 11an, goizeko bederatzietatik aurrera eta lau bat orduz, Mikel Odriozola martxalari gipuzkoarrak atzean utziko ditu behin eta berriz Green Park-eko lorategiak eta Buckhingham Palace jauregia, bere hirugarren partehartze olinpikoan. Basque Team-en babespean ari den atletak maiatzean erdietsi zuen bere sailkapena Saransk-eko Munduko Kopan (Errusia) eta Jesus Angel Garcia Bragado eta Jose Ignacio Diazekin batera estatuko ordezkaritza izango dira 50 kilometroko martxakoan.
Bost aldiz espainiako txapelketa irabazitakoak Sidneyko marka (3:59:5’’, 24. postua) eta Beijingoa (3:51:30’’, 13. postua) hobetzen saiatko da eta denboraldian zehar izan dituen arazo fisikoak eta lesioak ahaztu nahi ditu. Orain hamabost egun 6. Izan zen A Coruñako Challenge Mundialean, 20 kilometroko martxakoan espainiako txapelketa izan zena.
Odriozola eta bere entrenatzailea, Jon Esturo, Londresen izan dira orain gutxi aurrez aurre ezagutzeko gerora topatuko duten ibilbidea eta bien ustetan, nahiz eta The Mall-ek penditza leuna eta errepide oso irregularra izan, proba “nahiko ondo” egokitzen da Mikelen ezaugarri fisikoetara eta horrek borrokan azkenera arte egoteko esperantza ematen die biei.
Mikel Odriozola (Errenteria, 1973ko maiatzaren 25a) Errenteriko atletismo taldean hasi eta gero Real Sociedad taldera pasa zen. 1996an Espainiako Federazioaren beka jaso zuen Sant Cugat-eko goi errendimenduko zentruan entrenatu ahal izateko eta bertan zortzi urte eman zituen. 2011etik 2006ra bitartean espainiako txapelduna izan zen 50 kilometroko martxakoan eta 2003an estatuko errekorra lortu zuen 30 kilometrokoan. Nazioarte mailan 2007an 6. Izan zen Osakako Munduko txapelketan eta urtebete geroago 4. Cheboskaryn (Errusia).
Sailkapen olinpikoa Sarans-eko (Errusia) Munduko Kopan lortu berri du, nahiz eta 33. sailkatu (4:03:15’’-ko denborarekin) baina espainiarren artean zazpigarren izandako García Bragadoren atzetik helmugaratuz.
Basque Team
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da BAT Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ, Cespa-Ferrovial eta Euskaltel. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo horretan, BAT Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.