2016KO RIOKO JOKOEI BEGIRA EGIN BEHARREKO LANA ZEHAZTEN HASI DA MAIDER UNDA ASTE HONETAN
Ama berriki izan eta gero (pasa den uztailean jaio zen Iraide alaba) olinpiar dominaduna den Maider Undak goi mailako lehiaketara itzultzeko plangintza jarri du abian Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentrura egin duen bisitan, Basque Team fundazioaren egoitzara hain zuzen ere. Bertako zerbitzu medikuen buruarekin, Xabier Leibarrekin, eta Julen Erauskin eta Usue Zatika teknikoekin bildu da borrokalari arabarra eta berarekin batera Luis Crespo bere entrenatzailea ere.
Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko helburua izango du hurrengo urtean. Horretarako premiazkoa izango du Las Vegasen jokatuko den 2015eko Munduko txapelketan egotea, bertan Riorako 5 txartel izango baitira jokoan. Aurtengo berritasun nagusia orain arte Maider lehiatu den kategoriaren desagerpena izango da, 72 kiloz azpikoa hain zuzen ere.
Londresen domina eskuratutako kirolariak adierazi duenez “ama izan eta gero ez nuen uste hain argi izango nukeenik baina nire pentsamendua kirolean izaten jarraitzen dut eta hemen nago segitzeko asmoz”. Azken asteetan ekin dio Maiderrek entrenamendu fisikoari eta Oletakoaren ustetan “iritsi da momentua zein egoeratan hasiko garen lanean zehazteko eta ze plangintzarekin Mundialari begira”
Mailaz aldatzearekin batera (75 kiloz azpikora egingo du jauzi euskaldunak), Maider jakitun da “lehiaketa guztiz aldatuko dela, hiru minutuko bi saio izango dira eta borrokak biziagoak izatearekin batera dinamismoari emango zaio lehentasuna”. Dena dela zera azpimarratu nahi izan du Maiderrek, “berehala lehiatzen hastea ez dut inondik inora ikusten, garrantzisua orain sasoi puntua hartzea izango da”
Luis Crespo bere entrenatzailearen aburuz “laugarren ziklo olinpiarrari ekitea sekulako erronka da eta aukera paregabea Jokoak prestatzeko ametsari eusteko”. Crespo dioenez “helburua 2015eko irailean sasoiko egotea da Las Vegaseko Mundialera era egokian iristeko, bertan zuzeneko sailkapen olinpiarra lortu ahal izateko”, eta aldaketen gainean uste du “Maiderren ezaugarrietarako goiko mailara jauzia ematea egokiako ikusten genuen, pisu gehiagokoen aurka borrokatzeko”
BASQUE TEAM-en babespean lehiatzen ari den Maider Undak brontzezko domina lortu zuen Londreseko 2012ko Olinpiar Jokoetan eta lorpen bera 2009ko Mundialean. Horrez gain zilarrezko domina eskuratu zuen 2013ko Europako txapelketan eta brontzea 2010 eta 2012an eta 12 aldiz gailendu da Espainiako txapelketan
Basque Team
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, EDP, IMQ eta Euskaltel. Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Euskadi Kirola Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.