Maialen Chourrautek ere ezustea eman du extreme modalitatean, Munduko Txapelketako bederatzigarrena izanda
31-uztaila-2022

Maialen Chourrautek ere ezustea eman du extreme modalitatean, Munduko Txapelketako bederatzigarrena izanda

Miren Lazkano final-zortzirenetaraino heldu da

Maialen Chourrautek Augsburgeko Munduko Txapelketan izandako parte hartze zoragarria biribildu du, extremeko modalitate berrian ginga jarriz.

Basque Teameko kirolariak merezimenduzko bosgarren postuarekin bukatu zuen K1eko finala, eta extremean lehiatu ahal izan da bere sorbalda operatuak arazo gehiago eman gabe. Hori zen helburuetako bat, baina atzoko txanda kronometratuan egindako lan ona eta gaur final-zortzirenak arazorik gabe igaro dituela ikusita, Maialen gosearekin geratu da.

Extremean egindako lana amaitzean Basque Teameko komunikazio taldeari esan dio ilusio handiz dagoela eta Alemanian gertatutakoak gogo handia ematen diola entrenamendu monotonoetan gauzak bilatzen eta lan egiten jarraitzeko.

Maialen extremeko nazioarteko proba batean lehiatu da lehen aldiz, eta emaitza ezin hobea izan da. Modalitate berri honetan iazko Paueko Munduko Kopan lehiatzen saiatu zen, baina irteera baliogabeagatik zigortu zuten. Gaur lehiaketa honekin gozatzeko aukera izan du lasartearrak. Final-zortzirenetan arazorik gabe gainditu du kanporaketa, eta lehen postuan geratu da Carole Bouzidi, Camile Prigent eta Antonie Galuskovaren aurretik. Final-laurdenetan gogor borrokatu da, baina erremonteetako batean trabatuta geratu da Lucie Baudu frantziarrarekin batera. Hirugarren izan da txanda horretan, eta lehiaketatik kanpo geratu da. Munduko 9. palista onena izan da extremean. Emaitzak amorrua eman dio, baina aldi berean esan du oro har Munduko Txapelketa oso positiboa izan dela, eta hegoak eman dizkiola datorren urteko sailkapen-denboraldiari begira eta 2024ko Pariseko Jokoetan bi domina olinpiko irabaztearekin (eslalom eta extreme) amets egiteko.

Bestalde, Miren Lazkano hirugarren izan da final-zortzirenetan, Jessica Fox australiarra, Eliska Mintalova eslovakiarra eta Maria Zita Lakner hungariarra aurkari izan dituela. Basque Teameko piraguistak ezin izan du final-laurdenetara pasa.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago