Lucas Eguibarrek zilarra eskuratu du Sierra Nevadako bigarren lasterketan eta Munduko Kopako sailkapen nagusian lider jarri da
Lucas EguibarBasque Teameko riderrak beste urrats garrantzitsu bat eman du gaur bere bigarren Kristalezko Globoa lortzeko
Lucas Eguibarrek asteburu biribila bizi izan du. Gertaerak ezin hobeak izan dira Sierra Nevadan. Basque Teamen beka jasotzen duen snowboarderra podiumera igo da bi egunetan, eta urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratu du. Atzo lortutako 100 puntuek, gaurko 80 puntuei gehituta, Munduko Kopako sailkapen nagusiko lidergoan jartzen dute donostiarra. Esperientzia hori 2015ean bizi izan zuen Eguibarrek, garaikurra irabazi zuenean.
Gaurko erronka ez zen batere erraza, atzoko lasterketan pilatutako nekea, eta gaurko proba ordubete beranduago jokatzeagatik elurra egoera ezberdinean zegoela aintzat hartuta. Lasterketa astunagoa izn da gaur, ez hain azkarra, baina Lucasek podiumera igotzen jakin du, senide eta lagunez inguratuta.
Eguibar final-zortzirenetako zazpigarren txandan lehiatzen hasi da. Bere lehen txanda horretan hiru tarte kronometratuetan azkarrena izan da, eta oso iritsiera estua izan du Ken Vuagnoux frantziarrarekin, serie horretan Bernat Ribera eta Jake Vedder kanpoan utzita.
Final-laurdenak ere nahiko eskuragarriak izan dira Lucasentzat. David Pickl austriarraren erorikoak jaitsiera baldintzatu du. Ken Vuagnoux frantziarrak austriarraren gainetik salto eginda, ahal zun moduan, atzean utzi du, baina kanporatu egin dute. Lucas Eguibar, aurrealdean, eroso jaitsi da. Bera eta Glenn de Blois holandarra pasa dira finalerdietara.
Finalerdian Lucas atzean geratu da lehen bihurgunean baina ikusgarria izan da nola aldatu duen txandaren norabidea laugarren postutik bigarrenera pasatzeko. Kanporaketa, zirraragarria, photo-finishean erabaki da. Loan Bozzolo frantziarra helmugaratu da lehen postuan, eta donostiarra atzetik. Omar Visintin eskarmentuduna eta Glenn de Blois kanpoan geratu dira.
Finalean, Lucas Eguibarrek hiru aurkari bikain izan ditu aurrez aurre: Kalle Koblet suitzarra, Loan Bozzolo frantziarra eta Merlin Surget frantziarra. Lucas bigarren kokatu da irteeran, baina lehenengo bihurgunean lehenengo jartzeko gai izan da. Jauzian Kobletek gainditu du, baina Eguibarrek ez du arriskatu nahi izan eta bigarren postua ziurtatu du sailkapen nagusiari begira.
Bestalde, Alvaro Romero Basque Teameko snowboarderrak sailkapena gainditu du gaur. Hala ere, ez ditu final-zortzirenak igaro, hirugarren izan baita bere txandan.
Sierra Nevadako bi Munduko Kopen ostean, sailkapen nagusia irauli egin da. Lucas Eguibar da liderra 312 punturekin, Loan Bozzolo frantziarra da bigarren 305ekin eta Omar Visintin italiarra hirugarren 295ekin. Hurrengo proba Veysonnazen (Suitza) jokatuko da, martxoaren 15ean eta 16an, eta azken biak Mt.. St. Anne, Kanadan, martxoaren 24tik 26ra.