Lucas Eguibar final-hamaseirenetan erori da, eta Alvaro Romero final-laurdenetara iritsi da Bakurianiko Munduko txapelketan
01-martxo-2023

Lucas Eguibar final-hamaseirenetan erori da, eta Alvaro Romero final-laurdenetara iritsi da Bakurianiko Munduko txapelketan

Lucas Eguibar

Snowboardcross lehiaketa osoa aurreratu behar izan du antolakuntzak eguraldiaren ondorioz

Inork ez zuen espero martxoaren 3an jokatu behar zen final baten eguna aldatzea. Aurrerapenak arazoak ekarri dizkie talde, snowboardlari eta komunikabideei, baina Freeski eta Snowboardeko Munduko Txapelketako antolatzaileek snowboardcrossari dagokion zati osoa ziurtatu nahi izan dute eta gaur dena jokatzea erabaki dute. Lucas Eguibar Basque Teameko kirolaria faboritoetako bat zen, 2021ean Idre Fäjllen (Suedia) lortutako titulua defendatzen baitzuen. Hala ere, final-hamaseirenetan azkarregi joan da eta jauzietako batean atera egin da. Hirugarren txandan Jacub Zerava txekiarrarekin eta Alvaro Romero Basque Teameko kidearekin lehiatu da.

“Titulua berrestera etorri ginen, eta 32koen artean ere ez naiz sartu. Amorru handia, oso ondo nenbilelako, oso azkar nentorren eta jauzian erori egin naiz, oso luze pasatu naiz. Fisikoki asko hobetu dut, Cervinian erori nintzenetik pixka bat okerrago joan naiz, baina ez da gaurko hondamendiaren arrazoia izan. Nola nentorren eta nola nagoen ikusita, oso pozik nago, baina pena dut hori ez aprobetxatzeagatik gaurkoan” adierazi dio Lucas Eguibarrek Bakurianira joan den Basque Team Fundazioko komunikazio taldeari.

Orain, 33. postuan amaitu duen donostiarrak denboraldia amaitu arte geratzen diren lau Munduko Kopetan jarri behar du arreta: bi Sierra Nevadan, bat Veysonnazen (Suitza) eta azkena Mt. St. Anne (Kanada).

“Munduko Kopan lau lasterketa daramatzagu, bi oso onak egin ditut eta beste bietan bota egin naute. Horrek amorru handiagoa ematen dit. Gaur ni bakarrik izan naiz, nire akatsa izan da, moteldu behar nintzen erori naizen puntuan”, aitortu du Eguibarrek.

Bestalde, Alvaro Romero zur eta lur utzi ditu ikusleak snowboard oso sendo eta trebe batekin, batez ere Munduko zerrendako izarrei aurre egiteko orduan. Final-zortzirenetan bigarren txandan lehiatu da, berriz Zerava, Leon Beckhaus alemaniarra eta Omar Visintin italiarrarekin indarrak neurtuz. Final-laurdenetan, Visintin, Martin Noerl alemaniarra eta Nick Baumgartner estatubatuarrarekin aritu da nor baino nor gehiago.

“Ni pozik nago emaitzarekin. Final-zortzirenetan lasterketa ona egin dut, bigarren jarri naiz bigarren bihurgunean eta beheraino eustea lortu dut. Onenekin borrokan egon naiz helmugaraino, snowboard ona erakutsi dut eta motibatuta nago. Beraz, oso pozik noa” esan du Alvarok bere parte-hartzea bukatzean.

Bakurianin egindako paper onaren ondoren, lortutako 13. postuaren ondoren, Alvarok geratzen diren Munduko Kopetan bere snowboarda hobetu nahi du eta finaletarako sailkatzea izango du helburu baita junior mailako Munduko Txapelketan garaipena eskuratzea ere.

Honekin lotutako berriak

11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
18-urtarrila-2026

Alvaro Romero, Basque Teameko snowboarderra, bere lehen Joko Olinpikoetarako sailkatu da

Informazio gehiago
30-abendua-2025

Lucas Eguibar matematikoki sailkatu da 2026ko Milan-Cortinako Jokoetarako

Informazio gehiago
15-abendua-2025

BAT TO MILANO: 1go kapitulua

Informazio gehiago
11-abendua-2025

Snowboardari eskainitako atalak, Lucas Eguibar eta Alvaro Romerorekin, ‘BAT To Milano-Cortina’ saioa estreinatuko du asteburu honetan

Informazio gehiago
28-martxo-2025

Basque Teameko Lucas Eguibar snowboardlaria 12. izan da St. Moritzeko Munduko txapelketan

Informazio gehiago