Joan Crespok ez du K1eko finalerako txartela lortu Liptovskyko Europako Txapelketan
Joan Crespo Basque Teameko palista ez da K1eko banakako txapelketako finalerako sailkatu eslalom piraguismoko Europako txapelketan. Donostiarra oraindik osatzen ari da otsailean ebakuntza egin baitzioten Akiles orpazurdaren hausturatik.
Joanek gaur zuen guztia eman du Ondrej Cibakeko kanalean, baina ez da nahikoa izan. Teknikoki ondo aritu da, eta jaitsiera oso laudagarria egin du zirkuituaren lehen zatian. Kontuan izan behar da Crespok min hartu zuela duela lau hilabete eskas, eta zauria hainbat aldiz infektatu zaiola sendatze prozesuan. Oraindik ez dago ehuneko ehunean eta ezin izan du nahi zuen guztia entrenatu. Dena dela, Crespo ondo lehiatu da Europako txapelketa honetan. Gaurko K1eko finalerdian 26. postuan amaitu du 107.96ko denborarekin (+11.32). Jaitsiera nahiko garbia egin du, 20. eta 25. ateetako bi ukituek lausotuta. Joanek Eslovakiara joandako Basque Teameko komunikazio taldeari esan dion bezala, probaren pisu guztia besoetan jarri du, hankak oraindik ez dituelako behar bezala, eta azken txanpan ahultzen hasi zaizkio.
Hala ere, Joan Crespo pozik agertu da Europako Txapelketan egindako lanarekin eta denboraldiko proba nagusira, uztailean Augsburgon jokatuko den Munduko Txapelketara, sasoi hobean iristea espero du.
Gaur Joanek extremeko modalitate olinpiko berriaren erlojuz-kontrakoa jokatuko du eta arratsaldean lehen 16 sailkatuen artean amaitu beharko du biharko txandetan sartzeko. Garrantzitsua da gaur denboraona lortzea, horren araberakoa baita pasea eta biharko koadrorako kokapena.