Janire Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain surflariak, Europako txapeldun
Zumaiarra eta zarauztarra nagusitu dira Marokoko Taghazout proban eta denboraldia gorenean amaitu dute
Euskal surfak kontinentean eta munduan duen maila ona erakutsi du gaur berriro ere. Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Adur Amatriainek irabazi dute Pro Taghazout Bay txapelketa, Challenger Seriesetarako txartela ematen duten Qualifying Serieetako zirkuituari dagokion 4.000 kategoriako txapelketa. Zumaiarrak garaipena lortu du Alys Barton britainiarra mendean hartuta eta zarauztarrak gauza bera egin du Donor Conegan kanariarraren aurka.
Nadia Erostarbek Mundu mailako zirkuitu gorenean (CT) parte hartzeko lortu berri duen txartelari Janire González Etxabarrik eta Adur Amatriainek eskuratutako Europako titulu bikoitza gehitu behar zaio, Taghazout-en, Marokoko kostalde atlantikoan, Agadirren iparraldean, zirkuituko azken hitzorduan gailendu ondoren.
“Oso pozik nago garaipen honekin”, aitortu du Basque Teameko bekadunak. “Belauneko lesio batetik etorrita, ezin izan nuen iazko azken bi Challenger Serieetako ekitaldietan lehiatu, beraz, hona etorri, ekitaldia irabazi eta titulua lortzea sinestezina da”.
16 onenen artean lehiatzen hasi zen, eta bere txandako onena izan zen. Bertan Sarah Leiceaga Iparraldeko surflaria eta Tiara Van del Huls holandarra kanporatuak izan ziren. Janirerekin batera Ariane Ochoa bizkaitarra igaro zen final-laurdenetara. Hurrengo kanporaketan bi kirolariren artean jokatu ziren norgehiagokak eta bere seriean Janirek, 14.56ko puntuazioarekin, 12.76ko emaitza lortu zuen Naïa Monte frantziarra azpiratu zuen. Finalerdian Maelys Jouault frantziarraren aurka jokatu du, eta 11.10eko emaitzarekin gaineratu zaio (8.07). Finalean 8.00 puntuko olatu bati eta 6.83ko beste bati esker eskuratu du garaikurra, eta ez dio aukerarik eman 7.00ko eta 4.33eko olatuak hartu dituen Barton britainiarrari.
Etxabarri rankingeko hirugarren postuan iritsi zen ekitaldira eta bere emaitzarik onenetako batzuk lortu ditu denboraldi honetan: lau final, hirugarren postu bat Saquareman eta urrezko domina bat El Salvadorreko ISA Munduko Txapelketan. Hala ere, bere azken garaipena 2023an erdietsi zuen Pantingo QSan. Garaipen honekin, WSL titulua lortu du eta Challenger Serieeetarako pasea ziurtatu du.
“Pozik nago eragozpenik gabe lehiatu ahal izateagatik, prozesuaz asko gozatzen ari naiz, eta garaipen honek asko indartzen nau”, onartu du lesioaren berregokitzapena Basque Team Zentroan egin duen zumaiarrak.
Bestalde, Adur Amatriain 64 onenen kanporaketan lehiatzen hasi zen, Hans Odriozolaren atzetik eta Ruben Vitoria zarauztarraren eta Christian Venter hegoafrikarraren aurretik bukatuz. 32 onenen artekoan, berriz, Adur izan zen liderra, Luke Van Wyk hegoafrikarrari, Leo Paul Etienne frantziarrari eta Andy Criere donostiarrari gailenduta. 16 onenen txandan jaun eta jabe izan zen berriro, Markel Vizcarguenaga, Guilherme Ribeiro portugaldarra eta Charly Quivront frantziarraren aurka. Final-laurdenetan 14.84ko emaitzarekin irabazi zion Adin Masencamp hegoafrikarrari (5.66). Finalerdietan zarauztarrak (13.50) Justin Becret frantziarra gainditu du (12.96) eta finalean (13.40) Conor Donegan lanzarotarrari irabazi dio (12.10).
“Ez nekien Europako titulua eskuratzea posiblea zenik, beraz, ez nuen horretaz pentsatu ere egin. Albiste harrigarria da, gogotsu nago”, onartu du Amatriainek.
Amatriain eta Gonzalez-Etxabarriren lanaz gain, Yago Dominguezen hirugarren postua eta Markel Vizcarguenaga, Ariane Ochoa eta Keoni Lasaren bosgarren postuak nabarmendu behar dira. Zarauztarra Challenger Seriesetan sartzeko txanda batera geratu da, baina Dominguezek eta Ochoak sailkapena lortu dute.