Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren
Janire Gonzalez-Etxabarrik ISAk El Salvadorren antolatutako Munduko Txapelketan, World Surfing Games txapelketan, egiten ari den denboraldi bikaina borobildu du, gaur La Bocanan jokatutako finalean sartu eta lehen postuan amaitu baitu, Sally Fitzgibbons australiarraren mailako beste surflari batzuen aurretik. Janire Gonzalez-Etxabarrik nazioarte mailan erreferenteetako bat dela erakutsi du eta euskal surfa Munduko erakusleihoan jarri du beste behin.
Janirek indartsu hasi zuen bere bigarren Munduko Txapelketa absolutua, lehen kanporaketan lehena izan zelarik, Rafaella Montesi txiletarra, Kellyani Flores venezuelarra eta Blanka Sebestyen hungariarra aise gaindituz, eta 8.00 punturekin eguneko notarik onenetakoa lortuz. Bigarren kanporaketan, 14.10eko azken nota lortu zuen, Julissa Garcia salvadortarrak (9.37), Nilbie Blancada filipinarrak (8.00) eta Catherine Bruhwiler kanadarrak (4.34) lortutakoen oso gainetik. Pixka bat gehiago kostatu zitzaion hirugarren kanporaketa gainditzea, baina azkenean bigarren postuan egin zuen aurrera, Sol Aguirre perutarraren atzetik eta Zoie Zietz holandarra eta Genesis Borja ekuadortarra txapelketatik at utziz.
Laugarren kanporaketan Janire bera eta Nadia Erostarberen arteko euskal norgehiagoka gertatu zen, Zumaiakoaren alde amaitu zena 0.07 punturekin. Txandako garailea Yolanda Sequeira portugaldarra izan zen 13.17ko puntuazioarekin, Gonzalez-Etxabarri 12.67rekin jarraitu zion, Nadia Erostarbe 12.60rekin eta Sophia Medina brasildarra 9.67rekin. Janirek aurrera egiten jarraitu zuen, beraz, Munduko Txapelketako lehiaketa nagusian, nahiz eta hurrengo kanporaketan ezinezkoa izan zitzaion gailentzea. Sally Fitzgibbons ahalguztidunak eskuratu zuen seriea, Ellie Harrison herrikideak jarraituta. Janire hirugarren postuan geratu zen eta Nanaho Tsuzuki japoniarra laugarrenean.
Une horretatik aurrera, Janirek aurrera egin behar izan du Munduko Txapelketan, errepeskaren bidetik, ISAko Munduko txapelketetan surflariei bigarren aukera ematen dien lehiaketa paraleloaren bidetik. Zumaiakoa egoera txarrek ahul bihurtzen ez duten kirolarietako bat da, iazko Munduko Txapelketan, Puerto Ricon, erakutsi zuen bezala, non ia ibilbide osoa errepeskatik egin zuen, eta oraingo honetan ere ez da kikildu lehiaketa nagusitik kanpo geratu denean. Errepeskan zuzenean sartu zen 8. kanporaketan, eta lider bezala gainditu zuen, Sol Aguirre eta Laura Raupp brasildarraren aurretik amaituta. Gidoiak norabide berdina izan zuen hurrengo kanporaketan ere, bederatzigarrenean, non Janire izan zen berriz onena, Nanaho Tsuzuki, Sol Aguirre eta Eden Walla estatubatuarrari gailenduz.
Horrela, Basque Teameko kirolariak, atzoko jardunaldia, errepeskako azken kanporaketarako sailkatuta bukatu zuen, txanda hori gaindituz gero, Munduko Txapelketako final handian sartuko zela jakinda Hala egin du. Patuak nahi izan du hamargarren kanporaketako txanda lehiaketa nagusiko bosgarren kanporaketan egindakoaren kalko bat izatea. Sally Fitzgibbons beteranoa izan da onena berriz ere eta bigarren postua lortzeko lehia Ellie Harrison eta Janire Gonzalez-Etxabarriren artean erabaki da. Australiarrak olatu bat hartu du txandako azken uneetan eta Janirek nota horri itxaron behar izan dio finalean egongo zen ala ez jakiteko. Hala ere, gipuzkoarra alde handiarekin igaro da finalera azkenean.
Finalean, Fitzgibbons australiarra, Arena Rodriguez perutarra eta Yolanda Sequeira portugaldarra izan ditu aurkari. Janire oso sendo hasi da, lehen kolpeak emanez, 7.50 eta 7.07ko olatuak hartuta. Txandako buruan jarri da hiru minutu igaro ondoren, eta inork ez dio lidergoa kendu. Zumaiarrak 14.57ko puntuazioarekin irabazi du Munduko Txapelketa, Sequeira (13.57), Fitzgibbons (13.57) eta Rodriguez (8.53) azpiratuta. Gertatu dena sinetsi gabe, besarkada hunkigarri bat eman dio Annette ahizpari uretatik irten bezain laster.
Gaurko emaitza Janire Gonzalez-Etxabarriren ibilbide bikainari gehitu behar zaio. 20 urteko surflaria, maila baxuagoetan hainbat aldiz saritua, etenik gabe lehiatu da Challenger Serieetan 2024an eta 2025ean. Qualifying Serieetako zirkuituan aurten hiru bigarren postu egin ditu (Taghazout Bay, Lacanau Pro, Broadmasters Open), bosgarren postu bat (Ballito Open) eta zazpigarren bat (ABANCA Pantin Classic). 2024an bere lehen ISA Munduko Txapelketa absolutua jokatu zuen, 15. postuan amaituz eta bere lehen Joko Olinpikoak jokatzeko txartela lortuz. Parisko Jokoetan, Tahitiko Teahupo ‘o olatu beldurgarrian, 17. postuan amaitu zuen.
Janirez gain, beste lau euskaldun lehiatu dira ISA Munduko Txapelketan. Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez-Etxabarri errepeskako edo bigarren aukerako 7. kanporaketaraino iritsi dira, Ruben Vitoria 11.era eta Yago Dominguez 4.era.