IÑURRATEGI, VALLEJO ETA ZABALZA NUPTSEKO OINARRIZKO KANPALEKURA IRITSI DIRA ETA AKLIMATAZIOA 4.750 METRORA HASIKO DUTE
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioa osatzen dute mendizaleak, atzo heldu ziren nepalgo Chukung eskualdera, 4.750 metroko garaieran, bertan oinarrizko kanpalekua ezarriz. Aklimatazio garaiari ekin diote era horretan, bidean eguraldi txarrak eragindako arazo logistikoak aurkituz, daramaten eskalada material gehienak ez baitzen Luklako aireportura iritsi, ezta satelite bidezko telefonoa ere.
Gutxieneko ekipamenduarekin igaro dituzte lehen bi egunak Chukungen, Luklatik oinarrizko kanpalekura hiru eguneko trekkingean gainean eraman ahal izan duten ekipaje arina. Egoera honek asko zaildu du komunikazioa beraiekin.
Dena dela, eta arazoak arazo, hiru mendizaleek egunak aprobetxatu dituzte zenbait irteera egiteko Nuptserako bidean dauden glaziarrak zein egoeratan dauden ikusteko, eta bide batez, 5.600 metrora igotzeko ere. Bertatik egin dezaketen igoera aztertu dute eta tontorrerantz hartu dezaketen bidea erabakitzeko.
Azterketa sakonago baten faltan Iñurrategi, Vallejok eta Zabalzak bi aukera ikusi dituzte baliagarriak igoera gauzatzeko, eta hirukotea gehien motibatzen duenak Nuptsen bide berri zabaltzea suposatuko luke , ekialdeko tontorrerantz bidea zabaltzen duen ezproi baten bitartez.
Hurrengo egunei begira, eta material guztia iritsi bitartean, alpinisten asmoa Island Peak mendira igotzea da, teknikoki erraza dirudien 6.200 metroko tontorra oinarrizko kanpalekutik gertu. Ahalik eta altuen gaua pasatzea da jomuga, aklimatazio prozesuarekin jarraitzeko asmotan.
Hiruko kordada
Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejo (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) bi. Hiruren artean, esperientzia zabala bildu dute alpetar estiloko igoeretan, eta hau ezinbestekoa da espedizio honetan finkatu den erronka latzari aurre egin ahal izateko. Estilo horretan eskalatu dituzte Shisha Pangmaren hegomendebaldeko hegala (8.027 m.), Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren hegoaldeko hegala (6.962 m.). Era berean, alpetar estiloan ahalegindu ziren Hornbein korridorea zeharkatzen, Everesten iparraldeko hegalean (8.500 metroraino iritsiz), baita Dunagiriren iparraldeko hegala eta zailtasun handiko baina altuera txikiagoko beste mendi batzuk ere, hala nola, Izenik Gabeko Dorrearen Eternal flame deritzon bidea edota Changi Tower-en ireki zuten Ludopatia bidea (azken hauek Karakorumen). Duela lau urte, hiru mendizaleak G-IVren (7.913 m.) ipar gailurrera igo ziren, ez alpetar estilo hutsean, baina oso estilo arinean. 2009an, Makaluren mendebaldeko harroina eta Everesteko Hornbein korridorea alpetar estiloan igotzen saiatu ziren. 2010ean argi geratu zen alpetar estiloko hiruko kordada honen nagusitasuna Broad Peak-en historia egin zutenean, bide berri bat irekiz eta hiru tontorrak zapalduz.
Basque Team
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ, Cespa-Ferrovial eta Euskaltel. Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.
Basque Team Fundazioaz gain, NUPTSEren hego hegalerako espedizioak, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren aurreko edizioek bezalaxe, Naturgas Energia eta BBK ere izango ditu babesle