Iñigo Urkullu Lehendakaria euskal kirolari olinpiko eta paralinpikoekin elkartu da
29-ekaina-2016

Iñigo Urkullu Lehendakaria euskal kirolari olinpiko eta paralinpikoekin elkartu da

Iñigo Urkullu lehendakaria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Kiroletako zuzendari Jon Redondo Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatuko diren euskal kirolariekin bildu dira gaur goizean.
Abuztuaren 5etik 21era izango dira Joko Olinpikoak eta irailaren 7tik 18ra, berriz, Joko Paralinpikoak. Oraingoz, 22 euskal kirolarik parte hartuko dute ziur, eta beste 11k parte hartzeko aukerak dituzte oraindik. Atletismoan, triatloi egokituan eta banakako beste kirol batzuetan, kirol-egutegiko lehiaketarik garrantzitsuenean parte hartzeko gutxieneko markak edo puntuak lor daitezke oraindik. Bestalde, zenbait talde-kiroletan, laster jakinaraziko dituzte hautatutako jokalarien zerrendak federazioek, esaterako, eskubaloian, emakumezkoen belar-hockeyan eta gizonezkoen eta emakumezkoen zazpiko errugbian.

Kirolari hauek izan dira gaur goizeko harreran:
 Maialen Chourraut (piraguismoa – eslaloma)
 Carlos Tobalina (atletismoa – pisu-jaurtiketa)
 Trihas Gebre (atletismoa – 10.000 metro)
 Ignacio Martin (zazpiko errugbia)
 Pablo Feijoo (zazpiko errugbia)
 Igor Genua (zazpiko errugbia)
 Bárbara Pla (zazpiko errugbia)
 Tania Calvo (pistako txirrindularitza)
 Ane Santesteban (errepideko txirrindularitza)
 Sugoi Uriarte (judoa)
 Asier García (gurpil-aulkiko saskibaloia)
 Amador Granados (pistako txirrindularitza egokitua)
 Rakel Mateo (triatloi egokitua)

Horiez gain, Ander Elosegik (piraguismoa – eslaloma), Iñigo Peñak (piraguismoa – pista), Pablo Carrerak (tiro olinpikoa), Ainhoa Muruak (triatloia), Markel Alberdik (igeriketa) eta emakumezkoen eskubaloi eta belar-hockey taldeek ere parte hartuko dute Jokoetan, baina ezin izan dira lehendakariarekin bildu, kanpoan baitaude hitzordu garrantzitsua prestatzen.
Topaketan, lehendakariak Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten kirolariei babesa eta konfiantza adierazi die; Urkulluren esanetan, gizartearentzat erreferente eta eredu dira kirolariok, batez ere gazteen artean. «Goi-mailako kirolean jardutea erabaki duzue; kasu askotan, lanarekin edo ikasketekin uztartzen duzue. Ahaleginaren, dedikazioaren eta konpromisoaren adibide garbia zarete», gaineratu du. Halaber, Basque Team taldearen lana ere nabarmendu du; fundazio hori kirolariei bitartekoak emateko propio sortua da, goi-mailako lehietan parte har dezaten.

Honekin lotutako berriak

26-martxo-2026

Basque Team KORRIKArekin!!!

Informazio gehiago
06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago