Iñigo Llopis Basque Teameko igerilariak urrezko domina eskuratu du Europako Txapelketan
Bizkar estiloko 100 metrokoa Iñigo Llopisen proba fetitxea dela egiaztatu da behin baino gehiagotan. Lehenengo, zilarrezko domina etorri zen 2021eko Tokioko Jokoetan, ondoren 2022ko Mundu mailako zilarra eta azkenik 2023an Manchesterren lortutako Munduko Txapeldunaren titulua. Lasterketa ikaragarria egin zuen Llopisek, eta azken 30 metroetan gora eginda 1:05.32ko denborarekin amaitzeko.
Gaur goizean, Llopisek lasterketa irauli du bigarren zatian, Madeirako Europako Txapelketako 100 bizkarreko S8 (desgaitasun fisikoa) proban. Gipuzkoarrak Bohdan Hrynenko ukrainarra gainditu du buruz burukoan, eta lehen postuan bukatu du bere txanda, jokatutako bi txandetako igerilari azkarrena izanik.
Arratsaldean, laugarren kalean igeri eginez, Iñigo Llopisek errezitaldi bat eman du bere proba kutunenean metal preziatuena eskuratzeko. Hasieratik jarri da aurretik; oraingoan ez da beharrezkoa izan lasterketaren bigarren erdira arte itxarotea. 32.23ko denborarekin horma ukitu du, lehen aipatutako Hrynenkok (32.64) hurbiletik jarraitu dio eta bigarren 50 metroak 1:06.25eko denborarekin bete ditu, garaipena eramanez. Iñigo podiumaren toki gorenera igo da, Mark Malyar israeldarra (1:07.57) eta Bohdan Hrynenko ukrainarra (1:08.87) lagun izan dituela.
Bihar Iñigo Funchaleko Olympic Pools Complexean uretan sartuko da berriz ere tximeleta estiloko 100 metroak jokatzeko eta Nahia Zudairek bular erako 100 metroko proban parte hartuko du.