Euskal eski alpinoak jardunaldi historikoa bizi izan du, lehen aldiz bi kirolari izan baititu Munduko Kopa berean
Aingeru GarayAingeru Garayk debuta egin du maila honetako hitzordu batean Garmisch-Partenkircheneko eslalomean, eta Juan del Campo ere bertan lehiatu da
Eski alpinoko maila gorenera iristea erronka zaila da. Are gehiago Euskadik kirol hori praktikatzeko funtsezko elementua ez duenean: elurra. Eskiatzaileek apustu handia egin behar dute nazioartean FIS lasterketetan eta Europako Kopetan lehiatu ahal izateko, eta oso gutxi dira Munduko Kopan tokia lortzen duten kirolariak. Txapelketa horietan, munduko eskiatzaile onenek baino ez dute parte hartzen.
Eski alpetarraren mailarik altuena, funtsean, eskian tradizio handia duten herrialdeetako kirolarientzat dago erreserbatuta; horregatik, Garmisch-Partenkirchene bezalako proba baten irteera-zerrendan bi euskal eskiatzaile ikustea oso gauza azpimarragarria da.
Paul de la Cuesta eta Jon Santacana Euskal Herriko erreferente nagusiak izan dira urtetan eski alpinoan, lehena ohiko kirolean eta bigarrena egokituan, baina orain arte bi euskal eskiatzaile sekula ez dira modalitate honetan aritu maila goreneko proba batean, Munduko Kopa batean, alegia.
Aingeru Garay 24 urteko eskiatzaile galdakoztar gazteak Munduko Kopako eslalom batean debuta egin du, eta Juan Del Campo ere, ohi bezala, bertan lehiatu egin da. Biek jasotzen dute Basque Team Fundazioaren beka euren kirol emaitzengatik, biak dira Basque Teamen eta Neguko Kiroletako Euskal Federazioaren bikaintasun proiektuko kide, eta biak daude Neguko Kiroletako Espainiako Federazioaren errendimendu altuko egituraren barruan.
Aingeru Garayk ezin izan du lehen txanda amaitu, baina gaurkoa bide luze bateko lehen urratsa baino ez da izan. Denboraldi honetan 20. postuan amaitu zuen abenduaren 15eko Val di Fassako (Italia) Europako Kopa lehiatua. 2021-2022 denboraldian hamaseigarren postu bikaina erdietsi zuen Vaujanyn (FRA) jokatutako Europako Kopako eslalomean eta bi Top 30 lortu zituen Suedia eta Andorrako nazioarte mailako ekitaldietan.
Bestalde, Juan del Campok 47. postuan bukatu du gaurko lehen txanda 58.49ko denbora eginez (lehen jaitsieran onena Henrik Kristoffersen norvegiarrarena izan da 52.84 markarekin). Lehen 30 sailkatuen artean sartu ez denez, Del Campok ezin izan du bigarren txanda jokatu.
2021-2022 denboraldian, Juan sei Munduko Kopatan lehiatu zen, Garmisch-Partenkircheneko eslalomean hogeita bosgarren postua lortuta. Oso emaitza onak lortu zituen Europako Kopan, Suitzako Almaasa eslalomean zazpigarren postua eskuratuta, adibidez. Denboraldi honetan Munduko Kopako bi proba jokatu ditu: Val d ‘Iserekoa (43. amaitu zuen) eta Madonna di Campigliorena (38. postua lortu zuen, Quim Salarich taldekidearekin berdinduta). Gaztea izan arren, Juan del Camporen ibilbidean hiru Munduko Txapelketetan (St. Moritz 2017, Are 2019 eta Cortina d ‘Ampezzo 2021) eta Joko Olinpikoak (Pyeongchang 2018) nabarmentzen dira. Juanek 2015eko urrian egin zuen debuta Munduko Kopan, Soeldeneko (Austria) eslalom erraldoian.
Hurrengo asteetan Aingeru Garayk Europako Kopan lehiatzen jarraituko du, eta Juan del Campo urtarrilaren 8an lehiatuko da Adelbodeneko (Suitza) Munduko Kopan. Ondoren, probaz betetako hilabetea osatuko dute berarentzat Wengengo Munduko Kopak, Kitzbühelekoak, Schladmingekoak eta Chamonixekoak.