Euken Alberdik eta Iker Oyarzabalek euren arte eta kirol-unibertsoa aurkeztuko digute 'BAT To Milano Cortina' saioan
Dokumental saila osatzen duten sei atalak igande goizetan eskaintzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan (11:30)
Aste honetan, Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Milano-Cortina’ dokumentalen serieak Euken Alberdi eta Iker Oyarzabal izotz-patinatzaile artistikoen lana erakutsiko du ‘Kirola arte bilakatzen denean’ izeneko atalean.
Euken Alberdi eta Iker Oyarzabal egunen batean Joko Olinpikoetan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan daude. Otsailean Milanen eta Cortina d ‘Ampezzon jokatuko direnetan ez da horrelakorik gertatuko, nahiz eta biek inoiz hitzordu handian egon nahi duten, nazioarte mailan lehiatzen ari direlako jada.
Biak euren ahizpen eskutik hasi ziren irristaketan, biek eman zituzten lehen urratsak Donostian, eta biek bat egiten dute izotzezko patinaje artistikoaren kasuan teknika eta emozioaren nahasketak duen garrantzia azpimarratzean. Izotz gaineko irristaketa kirol tradizional eta ikusgarrienetako bat da. Diziplina horretan maila altuan lehiatzeak eskatzen du forma fisiko handia izatea piruetak perfekzioz exekutatu ahal izateko, backflipa adibidez, baina baita kirol honen alderik artistikoenean hobetzen lagunduko dieten beste gai batzuetan prestatzea ere.
‘BAT To Milano-Cortina’
2026ko Milan-Cortina d’ Ampezzoko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan abenduaren erdialdetik astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT To Milano-Cortina’k, ‘BAT To Rio’, ‘BAT To Pyeongchang’, ‘BAT To Tokio’, ‘BAT To Beijing’ eta ‘BAT To Paris’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.
Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.
‘BAT To Milano-Cortina’, ‘Korima Films’ ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Italiako hirietan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.
Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.