10-uztaila-2025

"Espero dut ateak irekitzen jarraitzea eta belaunaldi berriei bidea errazago egitea"

Nadia Erostarbe

Basque Teamek Nadia Erostarbe surflariarekin hitz egin du Challenger Serieetako txapelketa batean lortutako lehen garaipenaren ostean; galtzeko beldurra alboratzen jakin du oraingoan

Nadia Erostarbe pozik itzuli da etxera Ballito Proko garaikur deigarria besapean hartuta. Zarauztarra Hegoafrikan lehiatu zen, Challenger Serieetako zirkuituko bigarren proban, fundazioko gainerako bekadunekin batera, Basque Teameko bikaintasun proiektuaren babespean, surfa Eusko Jaurlaritzarentzat kirol estrategikoetako bat baita.
 
“Oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Denbora asko ibili naiz emaitza honen atzetik eta urtea hasi nuen bezala hasita, orain emaitza hau edukitzeak Challenger Serieetako bigarren proban, oso gustura uzten nau eta lasaitasun handia ematen dit ere bai. Poztasuna, hori izan zen sentitu nuen lehenengo gauza. Gainera oso talde polita genuen han: Adur (Amatriain), Yago (Dominguez), Janire eta Annette (Gonzalez-Etxabarri), nire mutil-laguna (Guillermo Gutierrez) eta Indar (Unanue) zeuden niri animatzen eta kriston poztasuna izan zen. Urtea luzea da baina poltsikoan 10.000 puntu edukitzeak jada lasaitasun handia ematen dizu, CTra sailkatzeko helburu horrekin; lasaitasuna eta poztasuna gehien bat” komentatu du. 
 
Nadiak bizitza osoa darama surfean, familiatik datorkion kirolean. Gaztea izan arren, ibilbide luzea du zirkuitu pribatuetan (World Surf League) eta ISAk antolatutako Munduko Txapelketetan (International Surf Association), baina Hegoafrikako ekitaldian orain arte gertatu ez den zerbait gertatu da. Erostarbek irabazteko gogoak ardurak eta beldurrak baino gehiago pisatzea lortu du, eta horrela barruan daraman surf guztia erakutsi ahal izan du.
 
“Edozein txapelketa irabaztea ez da erraza, azkenean maila honetan denak oso onak gara, oso ondo konpetitzen dugu eta garbi neukan lehenago edo beranduago iritsiko zela garaipen bat baina bigarren txapelketan izateak lasaitasun handia ematen dit. Finalerdietan oso txanda zaila tokatu zitzaidan Sallyren (Fitzgibbons) kontra. Nik uste dut esperientzia gehien duen neska dela, urte asko pasa ditu CTan eta lehen proban finalera iritsi zen eta honetan finalerdietan garbi neukan bere aurka ez zela txanda erraza izango, baina uste dut txapelketa honetan besteekin konparatuta, irabazteko gogo gehiago neuzkala. Beti eduki izan dut irabazteko gogoa baina besteetan igual beldur gehiago galtzeko eta honetan irabazteko gogoak beldurrari irabazi zion. Sallyri irabazi eta gero, finalera konfiantza handiarekin joan nintzen baina urduritasun handiarekin ere bai, azken pausoan zaudelako irabazteko. Banekien Yolandaren lehen aldia izango zela finalean, orduan biak ginen oso urduri eta azkenean nire alde joan zen finala eta oso pozik emaitza horrekin”. 
 
KwaZulu-Nataleko garaipenak 10.000 puntu eman zizkion Nadiari, eta aurretik Newcastlen (Australia) lortutako beste 1.900 puntuek, Championship Tourraren ataria diren Challenger Serieseetako sailkapen nagusiko laugarren postuan kokatu dute Nadia.
 
“Konfiantza handia neukan nigan. CTko esperientzia oso polita izan zen, gogorra ere bai, baina jakinda surf ona daukadala emaitza ona egiteko, horrek konfiantza handia eman zidan eta lehenengo txandatik puntuazio onak edukitzeak konfiantza ematen dizu zugan. Txandak aurrera joan ahala, bidean konfiantza gehiagorekin sentitzen zara, jende onari irabazten ari zara eta azken finean nik uste dut konfiantza irabazi dudala txapelketa honetan, jakin dut ahal dudala Challenger bat irabazi eta zortearekin besteren bat ere bai”.
 
2024an CTrako sailkapenetik oso gertu geratu arren, beste surflari batzuen hainbat egoeraren ondorioz, Nadiak maila goreneko bost txapelketetan lehiatu ahal izan du aurten. Emaitzek ez dute nahi adina lagundu, baina Munduko olaturik onenetan surfeko elitearekin lehiatzeak oso irakasgai baliotsuak eman dizkio.
 
“Zortea eduki dut CTko lehen bost txapelketetan parte hartzearekin eta horrek konfiantza handia eman dit ze ikusi dut maila hor dagoela, surfa hor dudala. Egia da CTko neskek ez dutela akatsik egiten, zuk akats bat egiten duzun momentuan besteak ez dizu utziko olatu on bat harrapatzen… Challengerretan igual denak urduriago gaude eta akats gehiago egiten ditugu. Dena den surfa hor dago eta konfiantza eman dit Challengerretara iristeko eta, zortea alde izanda, datorren urterako sailkatzen banaiz, hurrengo urtean lasaiago joango naiz CTra eta saiatuko naiz aurten baino hobeto egiten. CTan parte hartzeak asko erakutsi dit, asko ikasi dut, miretsi dudan jendearekin bizitzeko aukera hori, eurekin freesurfa egiteko, eurekin konpetitzeko…   Ikusi dut nola egiten dituzten gauzak munduko onenek eta datozen urteetaraklo erakutsi didate nola egin behar ditudan gauzak CTra heltzeko, emaitza hobeak izateko eta, zortearekin, hor jarraitzeko” azpimarratzen du zarauztarrak. 
 
Hurrengo erronka laster izango du Nadiak. Kaliforniara abiatuko da atseden hartu barik ia, Huntingtonen izango baitute uztailaren 26tik abuztuaren 3ra Lexus US Open txapelketa, Challengerretako hirugarrena, eta han prestatu nahi du. 
 
“Garaipen honek lasaitasuna ematen dit hemendik aurrerakoari ekiteko. Bost proba falta dira, beste lauk puntuatuko dute eta datorren astean US Openera goaz. Saiatuko naiz ahalik eta emaitza onenak izaten hurrengo txapelketetan. Argi dago zenbat eta lehenago lortu emaitza onak, orduan eta lasaiago iritsiko naizela urte bukaerara, sailkapena errazago edukiko dudalako. Hala ere, honek irabazteak ez du ezer erabakitzen, urtea luzea da eta edozer gerta daiteke, baina konfiantza ematen dit hurrengo txapelketarako eta gogo askorekin nago” dio zarauztarrak. 
 
Hiru euskal surflari nagusitu ziren Balliton, bata bestearen atzetik jokatu ziren txapelketetan. Janire Gonzalez-Etxabarrik lortu zuen garaipena Junior txapelketan. Egun batzuk geroago, bere ahizpa Annettek irabazi zuen Qualifying Serieetakoa, eta handik gutxira Nadia Erostarbe gailendu zen Challenger Serieetakoan. Nadia maila honetako txapelketa bat irabazi duen estatuko lehen surflaria izan da, Joko Olinpikoetarako sailkatu den lehena, baita CTn parte hartu duen lehen emakumea ere. Aitzindari izateaz ez da nekatzen eta oraindik gehiagoren gose da.
 
“Polita da ate berriak irekitzea. Egia da Aritz Aranburuk bere egunean ate asko ireki zituela. Lehen emakumea izatea CTn parte-hartzen, lehenengo surflaria Jokoetarako sailkatzen… poztasun handia ematen dit lehenengoa izateak eta titulu hori inork ez dit kenduko inoiz. Dena den, garbi daukat daukagun etorkizunarekin, daukagun talentuarekin, nik bezala edo hobeto egingo dutela, baina esperantza daukat ate gehiago irekitzeko, hauek ez direla irekiko ditudan guztiak. Zortearekin gehiago irekiko ditut” bukatu du Basque Teameko kirolariak.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago