Elena Loyo berak adierazi duen bezala, Donostiako lasterketak irribarrea itzuli dio. Munichen abuztuan jokatutako Europako Txapelketan 18. postua eta taldekako zilarrezko domina lortu zituen arren, lehiaketak zapore gazi-gozoa utzi zion. Gaur Donostian egin den maratoi erdian, ordea, arabarrak, garaipena lortzeaz gain, gozatu egin du, helmugara iristean islatu duen bezala.
Emakumezkoen probak emozioa izan du ibilbidearen zati handi batean. Elena Loyo hasieratik indartsu atera den arren, Laura Mendezek, Munichen berarekin zilarra lortu zuen selekzioko kideak, probaren zati handi batean lagundu dio. Irene Pelayok ere egin du, ibilbidearen erdira arte.
Loyok hasieratik ezarritako erritmo altuari eutsi dio, eta, ondorioz, Pelayo atzean utzi du lehenengo eta Laura Mendez azken kilometroetan. Elena Loyo ordubete, 13 minutu eta 12 segundoan helmugaratu da, Laura Mendez 50 segundora eta Irene Pelayo 3 minutu eta 38 segundora.
“Asko gustatzen zait hiri honetan korrika egitea, eta zaleak ere hamarrekoak dira”, adierazi du irabazleak.
Gizonezkoen lasterketan Ayad Lamdassemek esperotakoa bete du, garaipena erdietsiz ordubete, bi minutu eta 48 segundoko denborarekin, ondoren Javi Guerra helmugaratu da, 11 segundora, eta gero Fernando Carro, minutu bat eta segundo batera.