Euskal piraguismoa nazioarte mailan.
30-iraila-2009

Euskal piraguismoa nazioarte mailan.

Inoizko emaitzarik onenak euskal piraguistentzat nazioarte mailako txapelketetan.

Euskal piraguismoak denboraldi historikoa bete du aurten, nazioarte mailako emaitzarik onenak lortu dituelarik: bost domina eta berrikitan jokatutako Munduko Txapelketako bi finaletarako sailkapena (Euskadiko bederatzi palistak parte hartu zuten guztira norgehiagoka hauetan). Bost domina Bost dominaren jabeak hedabideen aurrean azaldu dira gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian, denboraldiari buruzko balantzea eskaini eta epe labur eta ertainera begira zehaztuta dauzkaten helburuen berri emateko asmoz, Londreseko 2012ko olinpiar hitzordua barne.

Gipuzkoako piraguismo taldeak izan dira nagusi azken mundu-txapelketetan parte hartu duen euskal ordezkaritzaren barruan, eta ondorioz, Gipuzkoako hiriburua aukeratu da dominen jabeek lortutako golardoak erakuts ditzaten:

Maialen Chourraut (Atlético San Sebastián), zilarrezko domina K-1 slalom kategorian.
Ander Elosegi (Santiagotarrak) eta Jon Erguin (Atlético San Sebastián), brontzeko domina taldekako C1 kategorian.
Joan Crespo (Santiagotarrak), brontzeko domina taldekako K1 kategorian.
Ekaitz Saies (Donostia Kayak), urrezko domina K1 4×200 errelebo-proban.
Lehenengo laurek, Seo D’Urgell-en (Lleida) irailaren 10etik 13ra bitartean jokatutako Munduko Piraguismo Txapelketan lortu dituzte dominak, eta Ekaitzek Ur Lasaietako Munduko Piraguismo Txapelketan eskuratu zuen urrezko domina, Dartmouth-en (Kanada), abuztuaren 12tik 16ra bitartean.

Dominekin batera, Ander Elosegik eta Joan Crespok beren kategorietako (C1 eta K1) banakako slalom-finaletan izan zuten partehartzea ere nabarmendu behar da, bederatzigarren eta zortzigarren postua lortu baitzuten, hurrenez hurren. Seo D’Urgell-en beste lau euskal palista hauek ere parte hartu zuten: Aitor Goikoetxea, Jon Larrañaga, Jone Otaño eta Irati Goikoetxea.

Orohar, 18 eta 27 urte tarteko kirolariez osatuta dagoen euskal ordezkaritza honek aukera bikainak izan ditzake nazioarteko lehiaketan epe labur eta ertainera begira, eta bereziki Londreseko 2012ko olinpiar hitzorduari dagokionez.

Aipatutako piraguistek eta beren entrenatzaileek —Xabier Etxaniz (slalom) eta Joseba Saies (pista)— BAT Basque Team-en beka batez dihardute. Euskadiko palistek lortu duten bikaintasun-maila gogoan hartuta, BATek apostu estrategikoen artean kokatu du piraguismoa modalitate desberdinetan.

BAT Basque Team-en xedea, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren babespean gauzatu da (EITB). Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, “BAT Basque Team” marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago