JON SANTACANA ESKIATZAILEAK SOCHIKO PARALINPIAR JOKOETAN PARTE HARTUKO DU ORPAZURDAN IZANDAKO HAUSTURA EHUNEKO EHUNEAN OSATU GABE
Laugarren aldiz hartuko du parte Jon Santacana eskiatzaile donostiarrak Paralinpiar Jokoetan eta bera da nazioarte mailan kirol-lorpen zabalena duen euskal kirolaria, guztira 6 domina bildu dituelarik. Berak ez du bere burua ikusten faboritoen artean, izan ere bere lorpenik handiena Sochira iristea baita aurreko irailean Australian lesio larria izan ondoren, azken lau urteetako hitzordurik garrantzitsuenera sasoi betean iristeko prestatzen ari zenean.
Ikusmen urritasuna duen euskal eskiatzaileak B2 mailan hartuko du parte eta Slalom, Jaitsiera, Super Erraldoia, Super Konbinatua eta Erraldoia probatan arituko da Miguel Galindo bere gida aragoarrarekin batera. Gainontzeko euskal olinpiar eta paralinpiarrak bezala Basque Team-en babesa du Santacanak, Fundacion Euskadi Kirola Fundazioak goi-mailako kirola sustatzeko eratu duen markarena alegia. Astuneko eski estazioan hitz egin du gipuzkoarrak Basque Team-erako Jokoen atarian “Lehenik eta behin argitu nahi dut oraindik errekuperatzen ari naizela” azpimarratu nahi du Jonek, “lau hilabete hauek oso gogorrak izan dira elurrarekin kontaktua eduki arte baina oso denbora gutxi da orpazurdaren haustura errekuperatzeko, normalean zazpi-zortzi hilabete behar dira guztiz osatzeko”. Honi ondorengoa gehitu behar zaio, “lehiakortasun puntuaren gabezia ez nuelako denboraldiaurrea egiterik izan”
Aurreko ostiralean baieztatu zuen Espainiar Paralinpiar Batzordeak euskal kirolariaren parte hartzea Sochin, era horretan azken hilabeteetako esfortzua sarituz: “Guztia azkartu nahi izan dugu ebakuntza honen ondoren lau hilabetera eskiatzen egotea ez baita normala. Honek bere ondorioak dakartza, mina, ondoeza eta berriz ere lesionatzeko arriskua besteak beste”. Jonek aitortzen du lesioa momenturik okerrenean heldu zela, “Jokoetatik se hilabetera eta lau urtez sekulako lan gogorrra egin ondoren hitzordurik garrantzitsuenera sasoiko heltzeko”
Turín 2006ko aurrekaria
Gipuzkoarraren ustetan “lesioarengatik izan ez balitz Sochira nire kirol-ibilbeko momenturik onenean helduko nintzateke, azken bi urtetan emaitza paregabeak lortu ditugu baina kirolean onartu beharra dago egoera hauek ematen direla eta nik antzerako egoera bizi izan nuen Turin 2006ko Jokoetara joan aurretik. Bertara berna-hezurra eta peronea hautsi eta bi hilabetera joan nintzen eta niretzat domina lortzearen parekoa izan zen bertan egotea”
Bere laugarren Jokoen gainean Santacanak berretsi du bere helburu bakarra parte hartzea izango dela baina ezusteko bat emateko itxaropenarekin: “Ez dut nire burua ikusten domina lortzeko hautagaien artean baina mina arindu ezkero eta bildu dudan jakinduriari helduta batek daki ezustekoren bat emateko gai naizen nire Sochiko arerioei”
Jon Santacana (Donostia, 1980/11/11) orpazurda hautsi zuen aurreko irailean Australian entrenatzen ari zela. Sochin laugarren aldiz hartuko du parte Paralinpiar Jokoetan, Salt Lake City (2002), Turin (2006) eta Vancouverreko (2010) ediziotan izan ondoren. Alpetar eskiatzaileak guztira sei domina bildu ditu, hiru 2002an eta beste horrenbeste 2010ean. Bere palmaresean urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak biltzen ditu Munduko Kopa, Munduko Txapelketa eta Europakoetan. 2012/2013 denboraldia oso oparoa izan zen Jon Santacana eta Miguel Galindo bere gidarentzat, urrezko hiru domina eskuratuz Munduko Txapelketan eta Munduko Kopa eta Europakoan sailkapen orokorrean gailenduz.
Basque Team
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, EDP, Cespa-Ferrovial, IMQ eta Euskaltel. Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Euskadi Kirola Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.
JJOO