PRENTSAURREKOA: BIRRITAN MUNDUKO TXAPELDUNA IZANDAKO EKAITZ SAIES PIRAGUISTAK GOI MAILAKO LEHIAKETARI AGUR ESANGO DIO
Ia azken bi hamarkadatan euskal piraguismoaren erreferente nagusienetakoa izan den Ekaitz Saies piraguistak goi mailako lehiaketa utziko duela iragarriko du gaur BASQUE TEAM-ek Donostian antolatutako agerraldian. 18 urtez elitean aritu eta gero BASQUE TEAM-en babespean ari den palistak palmares esanguratsua bildu du, tartean Espainiako 12 txapelketa, urrezko eta brontzezko domina Europako txapelketan eta beste hainbat domina Munduko Kopa eta Mediterranear Jokoetan.
Ekaitz Saies Sistiaga (Donostia, 1982/3/2) zazpi urte zituela hasi zen piraguismoan eta 16 urterekin Espainiako hiru txapelketa eskuratu zituen kadete mailan. Azken 18 urtetan bakarka eta taldeka lehiatu da, estatu mailako txapelketatan 30 garaipen pasatxo lortuz eta 10 domina poltsikoratuz nazioarte mailakoetan, horien artean bi urrezko domina Munduko txapelketetan (Kanadan 2009an eta Hungarian 2011an). Kirol ibilbidean nabarmentzekoak dira baita 2008an lortutako brontzezko domina Munduko Kopan eta beste bi hirugarren postu, Mediterranear Jokoetan eta 2009ko Europako Txapelketan, eta Kroazian 2002an eskuratutako 23 urtez azpiko Europako Txapelketa.
Borondate eta iraunkortasun eredugarriak
Donostiarra larriki lesionatu zen 2010ean, moto istripu baten ondorioz orkatilan haustura bikoitza izan zuelarik. Aurreikuspen guztiei aurre eginez hilabete geroago uretan hasi zen entrenatzen hankan igeltsua zuela. Pentsa zitekeena baino azkarrago osatuta urrezko domina lortu zuen hurrengo urteko Munduko Txapelketako 4x200eko proban, horri esker Londres 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena eskuratuz. Urte berean seigarren izan zen 500 metroetan eta zazpigarren 200ekoan Europako txapelketan, maila bereko Espainiako txapelketan lehen et abigarren postua lortuz.
Urte oparoa izan zen 2012a Ekaitz Saiesentzat, izan ere, laugarren izan zen Zagrebeko Europako Txapelketan eta Espainiakoan berriz urrezko domina lortu zuen 500ekoan eta brontzekoa 200 metroetan. 2013an hamabigarren izan zen Duisburgeko (Alemania) Munduko Txapelketako 500 metroko saioan eta iaz berriz nazioarte mailako txapelketei agur esan zien Moskuko Munduko Txapelketan hamabosgarren postuan amaituta.
Saiesek beraz kirol-ibilbide arrakastatsu bati emangio dio amaiera, Munduko Txapeldun birritan izateaz gain lehen hamabost sailkatuen artean amaitu baitu parte hartu duen zazpi Mundialetan. Europako Txapelketatan berriz urrezko eta brontzezko domina bana eskuratzeaz gain parte hartu duen zazpi ekitaldietan finalerako sailkatzea lortu du donostiarrak. Espainiako Txapelketatan 22 domina pilatu ditu, brontzezko bana Munduko Kopan eta Mediterranear Jokoetan eta 2008ko Munduko Kopako sailkapeneko 5. postua