Clara Azurmendi badminton jokalariak galdu egin du Europako Jokoetako multzoen faseko hirugarren partidan, baina final-laurdenetarako txartela poltsikoan zuen jada
Clara Azurmendik eta Bea Corralesek osatutako bikoteak ezin izan du garaipena erdietsi Debora Jille eta Cheryl Seinen holandarren aurka, badmintoneko binakako txapelketako multzoen faseko hirugarren partidan (21-12 eta 21-17), baina aurrera jarraitzen du Europako Jokoen torneoan, lehen bi jardunaldietan lortutako emaitzei esker.
Lehenengoan donostiarrak eta madrildarrak Keisha Fatimah Az Zahra eta Era Maftuha azerbaijandarrak gainditu zituzten 21-5 eta 21-17ko emaitzarekin eta bigarrenean, atzo jokatutakoan, Au Yeong eta Hochmeir austriarrak 15-21, 21-11 eta 21-8ko emaitzarekin. Gaur bazekiten euren multzoko aurkari zailenekin, holandarrekin, neurtu beharko zituztela indarrak, baina aurre egiten jakin dute, nahiz eta porrota jaso.
“Bazekiten asko zutela jokoan, taldeko lehen edo bigarren bezala pasatzea, eta topera atera dira. Egia da guk ez dugula gaizki jokatu, baina maila honetako jokalariekin egindako hutsek eragina dute. Taldeko lehen postuan pasa nahi genuen, saiatu gara, ezin izan da, baina bihar jokatu behar dugu eta orain zerotik hasi behar dugu berriro, honetan pentsatu barik” esan dio Clarak Poloniara joan den Basque Teameko komunikazio taldeari.
Donostiarrak fisikoki eta mentalki ondo dagoela dio, sentsazioak onak dira, eta horregatik gaurko estrategia Jille eta Seinen higatzea eta hirugarren set bat behartzea zen, baina ez dute lortu. Hala ere, motibazioa oraindik ere oso handia da, atzo ziurtatu zuten eta bihar arratsaldean jokatu beharko duten final-laurdenetako partidari begira.
“Gaurko porrota gorabehera, sentsazioak onak dira, ondo gaude, eta honek ez du biharko kolperik suposatuko. Bihar ehuneko berrehunean irtengo gara eta aurrez-aurre jartzen zaigunari gerra emango diogu” baieztatu du Azurmendik.