'BAT To Milano-Cortina' dokumental sortaren bigarren atalak mendiko eskia izango du ardatz
Dokumental bilduma osatzen duten sei kapituluak igande goizez eskaintzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ programan (11:30)
Aste honetan, Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Milano-Cortina’ saioak mendiko eskia izango du ardatz, ‘Bidea, oinordetzan’ izeneko atalarekin.
Iñigo Martinez de Albornozen haurtzarora itzuliz hasten da kapitulua. Bere jatorriak eta kirolak bere familian izan duen garrantziak behin betiko markatu dute bere bidea. Aitona-amonek eta gurasoek elurretan ezagutu zuten elkar. Haren amona aitzindarietako bat izan zen Euskadin eski alpinoa egiten, eta aita, berriz, foka larruak sartu eta alpinotik mendiko eskira igaro zen lehen eskiatzaileetako bat izan zen.
Iñigok ez ditu inoiz bere ikasketak alde batera utzi, ezta jariakinen ingeniari gisa duen ogibidea ere, baina azken urteotan ikusi du mendiko eskiak gero eta indar eta leku gehiago hartu duela bere bizitzan. 2013an nazioartean lehiatzen hasi zen eta 2017an kategoria absolutura igaro zen. Kirol hau 2026ko Milan-Cortina d’Ampezzoko Jokoen programa olinpikoan sartzeak aurrera egiteko aparteko motibazioa ekarri zion. Azkenean ez du nahi zuen sailkapena lortu, baina orain dela hiru urte Basque Teameko partaide izatera pasatzeak bere helburu handiengatik borrokatzeko bere prestakuntza eta entrenamendu modua irauli zuela dio.
‘BAT To Milano-Cortina’
2026ko Milan-Cortina d’ Ampezzoko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan abenduaren erdialdetik astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT To Milano-Cortina’k, ‘BAT To Rio’, ‘BAT To Pyeongchang’, ‘BAT To Tokio’, ‘BAT To Beijing’ eta ‘BAT To Paris’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.
Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.
‘BAT To Milano-Cortina’, ‘Korima Films’ ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Italiako hirietan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.
Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.