Basque Teamek Women 's Football Week-en parte hartu du
Basque Teamek Garapen Iraunkorreko Helburuekin eta 2030 Agendarekin lotutako alderdi sozialagoak lantzen dituen “Baloreetan BAT” proiektuaren barruan, Fundazioa Bilbon ospatutako Women ‘s Football Week delakoaren parte izan da.
Bizkaiko hiriburua emakumezkoen futbolaren Munduko epizentroa izan zen martxoaren azken astean, Athletic Clubek, BBK Kunak eta UN Etxeak, UNESCOren Euskal Herriko Elkarteak, antolatutako nazioarteko ekitaldi batekin.
Bilbok ekimen ugari hartu zituen programa zabal batean, gizartean eragina sortzeko, belaunaldi berrientzako aukerak bultzatzeko eta kirolaren industria ikuspegi inklusibo eta jasangarri batetik indartzeko.
Eztabaidak, mahai-inguruak, kondaira-partidak, proiekzioak eta erakusketak antolatu ziren, eta Basque Teamek ez zuen aukera pasatzen utzi programan presente egoteko, Euskadin goi-mailako kirola sustatzen duen eragileetako bat baita. Fundazioa oso inplikatuta dago gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren bultzadarekin, kirolari olinpiko eta paralinpikoen goi errendimenduaren sustapenarekin eta haien lana ikusarazi eta erreferente femeninoak sortzearekin.
Alde batetik, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak Deustuko Unibertsitatean egindako jardunaldi batean parte hartu zuen. Bertan, hainbat gairi buruz hitz egin zen. Fundazioak Euskadiko emakumeen kirolaren sustapenean duen garrantzia azpimarratzeko, Maider Unda borrokalari ohia eta Rakel Mateo paratriatleta izan zituen lagun; Euskadiko inpaktu txikiko kirolei buruz eztabaidatzeko, Barbara Pla errugbi jokalari ohia, Rocio Ybarra belar hockeyko jokalari ohia eta Maitane Etxeberria eskubaloi jokalaria izan zituen berarekin, eta, gainera, ongizateari, osasunari eta goi errendimenduari buruzko mahai-inguru batean ere parte hartu zuen.
Bestalde, Basque Teamek jardunaldi didaktiko bat prestatu zuen Miguel de Unamuno Institutuko ikasleentzat. Bertan, Maria Pérez Fundazioko administrazio arduradunak, Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak eta Naiara Rodriguez gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria aurkeztu zituen eta eurekin emakumeen kirolaren inguruko solasaldia izan zuen.
Women ‘s Football Weeken helburua emakumezkoen futbolaren orainari eta etorkizunari buruz hausnartzea izan da, baita orokorrean emakumeen kirolari buruz ere. “Futbolean emakumeak falta dira, batez ere lidergo-postuetan eta lanpostu teknikoetan. Emakume erreferente gutxi daude oraindik. Daudenak, kalera atera behar ditugu. Gizarteari irakatsi behar zaio kirolak inklusiboagoa izan behar duela, eta proiektatu behar da etorkizunean kirolean jardun dezaketela, hala nahi badute. Ez dezatela bide erdian utzi” adierazi zuen Marian Otamendi World Football Summiteko ordezkariak.
“Herritarrak inplikatu nahi ditugu, eta, horregatik, emakume erreferenteak izan ditugu kirolean eta emakumezkoen futbolean. Industria hazten ari da. Gainera, giza eskubideak, komunitate zentzua eta kirolak gizarte inklusibo eta berdintasunezkoak sortzeko duen gaitasuna azpimarratu nahi izan ditugu” nabarmendu zuen Aran Achak, UNESCOren euskal elkartea den UN Etxeko zuzendariak.