Basque Teamek bat egiten du Emakunderen kanpainarekin Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean
Aurten ere BASQUE TEAM FUNDAZIOAK emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa erakutsi nahi du eta horregatik, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, bat egiten du Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru-Aldundiek eta EUDELek bultzatutako kanpainarekin.
“Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola da” lelopean, gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uztea arriskutsua dela aldarrikatzen da aipatutako kanpainan. Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko, gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jaso behar dutela azpimarratzen da.
Kirolaren esparrua indarkeria eta desberdintasunetatik kanpo ez da geratzen, eta, alde horretatik, Basque Teamek leloa eta kanpainan zabaldutako ideia babesten ditu eta ekintza zehatzekin emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan etengabe aurrera egiteko pausoak ematen ditu bere eragin-eremuan. Fundazioak egunerokoan lanean jarraitzen du gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzeko. Emakunderen kolaboratzaile izateaz eta Berdintasun Plan propioa garatzeaz gain, aurten ‘GELDIEZINAK’ proiektua martxan jarri du Basque Team Fundazioak goi mailako euskal kirolaren historian nabarmendu diren emakumezkoen lana balioan jartzeko eta belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko.