Basque Team Fundazioak bere Gabonetako Gala ospatuko du 2025ean gertatutakoa errepasatzeko eta Neguko Jokoei ongietorria emateko
23-abendua-2025

Basque Team Fundazioak bere Gabonetako Gala ospatuko du 2025ean gertatutakoa errepasatzeko eta Neguko Jokoei ongietorria emateko

Ekitaldiak azken urtean goi mailari agur esan dioten atletak omentzeko ere balio izan du

Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Andoni Aldekoa EiTBko zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea

Basque Team fundazioak bere kirolari asko eta asko bildu ditu, enpresa eta erakunde munduko ordezkariez gain, EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan egindako Gabonetako galan. 200 pertsona baino gehiago izan dira ekitaldian, teknikariak, federazioetako ordezkariak eta babesleak barne.

Ospakizuna Mikel Urdangarin abeslariaren ‘Non geratzen den denbora’ kantuarekin hasi da, oraingoan Alos Quartet harizko laukoteak lagunduta. Musika gaia aprobetxatuz, Garazi Egiguren eta Eneko Galdos dantzariek Galako ardatz izan den  mendi espedizioaren hasiera antzeztu dute. Horrela, simil bat egin da espedizioetako zatien (irteera, hurbiketa, kanpamendu nagusia, gailurra eta jaitsiera) eta eliteko kirolariek Joko batzuei aurre egitean bizi behar duten zikloari dagozkien etapen artean. Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia mendia izan da, kontuan hartuta Fundazioarentzat hurrengo mugarririk garrantzitsuena hurrengo Neguko Jokoak izango direla, Milan-Cortina d ‘Ampezzon, 2026ko otsaila eta martxoa bitartean.

Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, testuinguruaren kokapena egin eta ongietorria eman ondoren, 2025ean nabarmendutako euskal kirolarien lana azpimarratu da. Janire Gonzalez-Etxabarri eta Aitor Francesena surflariak, Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariak, Anton Legorburu errugbi jokalaria eta Salma Solaun gimnasta izan dira sarituak.

Gero, agurren txanda iritsi da. Tania Calvo txirrindulariak agur esan dio goi mailari aurten eta bere ibilbidea errepasatu nahi izan da. 

Galako tarte horretan Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak fundaziotik kirolariei eskaintzen zaizkien zerbitzu integralak gogorarazi ditu, eta bereziki azpimarratu du “Laneratze” proiektua, etapa akademikoan eta lan-munduan sartzean kirolariak laguntzen eta aholkatzen dituena.

Agurren ondoren, aurten Basque Teameko babesleak, Laboral Kutxak, bere espazio propioa izan du bere filosofia edo lan egiteko modu bereziagatik nabarmentzen den eta “Bada beste modu bat” leloa betetzen duen erakunde edo proiektu bat aintzatesteko. Aurten Getxo Kirolak erakundeak jaso du saria, jarduera fisikoaren eta kirolaren gobernantzan duen ikuspegi berritzaileagatik. Amaia Agirre alkatea bertaratu da saria jasotzeko. 

Esentziaren eta balioen babesa eta sustraietara itzultzea konstante bat izan dira ekitaldian. Kultura eta hizkuntza sustrai horien parte dira, eta, zentzu horretan, hizkuntza politikari eskainitako atala Matx podcastaren (Basque Teamen berritasunetako bat 2025ean) une onenen errepasoak eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariaren emanaldiak osatu dute.

Galako azken blokea, espedizio batean gailurra lortzeari eta ondoren jaisteari dagokiona, Milano-Cortina d’Ampezzo 2026ko Neguko Jokoei eskainia izan da. Abenduaren 14tik ETB1en ikusgai dagoen ‘BAT To Milano-Cortina’ dokumental saioaren trailerra eta publizitate kanpainaren iragarkia aurkeztu dira.

Ekitaldiaren hasieran Ibone Bengoetxeak datorren urteko kirol hitzordu eta erronka berriei ilusioz aurre egingo zaizkiela azpimarratu du. Kirolari guztiei dei egin die Basque Teamekin batera “Euskadiko goi mailako historia idazten jarrai dezaten”. Horretarako, beren herria, etxea eta sustraiak dituzte lagun, “Etxekoek egiten gaituzte handi” Neguko Jokoen publizitate-kanpainaren esloganari jarraituz. 

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago