Ander Cepasek, Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak, bi urre irabazi ditu ITTF World Para Future Costa Brava txapelketan
30-martxo-2026

Ander Cepasek, Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak, bi urre irabazi ditu ITTF World Para Future Costa Brava txapelketan

Ander Cepas

Dominetako bat binakako mistoan lortu du, Olaia Martinez donostiarrarekin batera, eta beste bat gizonezkoen binakakoan, Juan Bautista Perezekin batera

Ziklo paralinpikoaren lehen zatia, 2024ko Parisko Jokoetako banakako lehian brontzezko domina irabazi zuen Ander Cepasentzat arrosa bide bat izaten ari da. Hurrengo hitzordu paralinpikorako, Los Angelesekoa, jarraitu beharreko izarretako bat da, eta hori ia astebururo erakusten ari da. Wladyslawowon (Polonia) lortutako zilarra eta bi brontzeei, eta ondoren Lignanon (Italia)  bereganatutako urrea eta zilarrari, asteburu honetan Costa Bravan poltsikoratutako beste bi urre gehitu zaizkie. Brasilera bidaiatu aurretik, bereziki ondo ematen zaion nazioarteko hitzordua jokatzeko, bikain aritu da gipuzkoarra.

17 klaseko binakako mistoan, Ander Cepasek eta Olaia Martinezek ondo jokatu zuten lehen partidatik, Ricard Sabio kataluniarrak eta Balziya Tash kazakhstandarrak osatutako bikotearen aurka 3-0eko emaitzarekin nagusituta. Emaitza beragatik, Erekeyevek eta Giniyatovak osatutako Kazakhstango binakakoa azpiratu zuten bigarren neurketan, eta hirugarrenean Ren eta Cheng txinatarren aurka gauza bera egin zuten. Finalerdietan Alexander Miguel Suarez Persson eta Thea Amalie Nielsen danimarkarrak gainditu zituzten 3-1 eta finalean 3-0 irabazi zioten Fausto Barrientos argentinarrak eta Victoria Sorribes Barba espainiarrak osatutako bikoteari (11-6, 11-6, 11-6). Gogoratu behar da binakako txapelketa mistoa Los Angeleseko programa paralinpikoan egongo dela.

Bestalde, gizonezkoen binakako 18 klasean, Cepasek eta Juan Bautista Perezek ere aise lortu zuten urrezko domina, jokatutako norgehiagoka guztiak irabaziz, eta setik galdu gabe. Lehen partidan 3-0 gainditu zituzten Ren txinatarra eta Levi israeldarra. Gauza bera gertatu zen Spalek eta Novotny txekiarren aurkako bigarren norgehiagokan. Finalerdietan 3-0 gailendu zitzaizkien berriro Erekeyev eta Surtubayev kazakhstandarrei eta finalean ez zuten oztopo handirik izan berriro ere Ren eta Levi 3-0 menderatzeko (11-5, 11-3, 11-1).

Honekin lotutako berriak

21-martxo-2026

Ancer Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak urrea eta zilarra sinatu ditu Lignanoko Para Challengerrean

Informazio gehiago
14-martxo-2026

Domina zaparrada Basque Teameko mahai teniseko jokalarientzat Wladyslawowoko TTF World Para Challengerrean

Informazio gehiago
10-abendua-2025

Basque Teamek bat egin du Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin 

Informazio gehiago
26-azaroa-2025

Ander Cepas eta Iker Sastre, Basque Teameko beka duten mahai-teniseko jokalariak, Europako txapeldunorde

Informazio gehiago
29-martxo-2025

Basque Teameko kirolariek hiru dominarekin itxi dute mahai-tenis egokituko Poloniako Challengerra

Informazio gehiago
07-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzea lortu du banakako txapelketan, nahiz eta ezin izan den finalean sartu

Informazio gehiago