ALERTA: NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZIOKO BIDEO IRUDIAK: URRIAREN 22A
Izotza eta arroka nahasten dituen eremuan, akatsik onartzen ez duten penditza paregabeetan, hortxe aritu ziren aurreko asteazkenean, urriaren 17an, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Nuptseko hegoaldeko hegalean tontor nagusira daraman korridoretik. “Tankera honetako paretak eskalatzerakoan pauso bakoitzeko jeisterakoan egin beharko duzuna etortzen zaizu burura. Esfortzu fisikoari gehitu behar zaion esfortzu psikologikoa da“, esan zigun ondoren Mikel Zabalzak. Nafarraren aurpegiak eta jeitsieraren hasierak esandakoa berresten dute. 14 ordu 600 metro igo eta jeisteko. Tontorrera iristeko zorian egon ziren, 160 metrora; geroz eta bortitzago jotzen zuen haizeak eragotzi zien balentria. Irudiek argi uzten dute hiru mendizaleek egindako igoera ederra eta estua.