Ager Solabarrieta tiratzaileak urrea eta zilarra lortu ditu Osijekeko Munduko Kopan
Ager Solabarrietak, Basque Team eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioa buru dituen bikaintasun-proiektuko kideak, nazioartean lorpenak erdiesten jarraitzen du. Azkena Kroazian, abuztuan Rotterdameko Europako Txapelketarako test gisa balio duen lehiaketa batean bi domina lortu baititu.
Ondarroako tiratzailea ez zen erabat pozik geratu ikusmen-urritasuna duten kirolarien kategorian, zutikako aire-karabinaren proban, urreak ihes egin ziolako. Sailkapen txandan jaun eta jabe izan zen (568.8), bigarrenari 50 puntu baino gehiago aterata, baina finalean urduritasunak kalte egin zion eta Martin Adamek txekiarrak kendu zion garaipena, 210.6 puntu pilatuta. Agerrek zilarrarekin konformatu behar izan zuen, 210.2 puntu lortuz.
Hala ere, tiratzaile bizkaitarrak etzaneko 10 metroko aire karabinan arantzatxoa atera zuen, eta modalitate horretan Munduko eta Europako egungo txapelduna dela erakutsi zuen beste behin. Solabarrieta, bere emazte Maite Badiolak gidatuta, sailkapen faseko liderra izan zen 623 punturekin. Finalean ere erregulartasunari eutsi zion eta maila bikaina lortu zuen urrea bereganatzeko, 246.1 punturekin. Zilarra Fran Skracic kroaziarrarentzat izan zen (238.2) eta brontzea Stefan Kopcik eslovakiarrarentzat (211.7).