Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketa ondo hasi da euskal surflarientzat
07-azaroa-2026

Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketa ondo hasi da euskal surflarientzat

Ruben Vitoria

Ruben Vitoriak eta Hans eta Kai Odriozolak gainditu dute lehen kanporaketa

ISAk (International Surfing Association) Peruko Punta Rocas herrian antolatu duen Munduko Txapelketa ondo hasi da euskal surflarientzat, Ruben Vitoriak eta Hans eta Kai Odriozola anaiek arazorik gabe gainditu baitute lehen kanporaketa. Gogoratu behar da 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako lehenengo proba puntuagarria dela aurtengoa.

Gaur, Punta Rocaseko lehia podium bakar batean burutu da, eta gizonezkoen koadrioaren barruko lehen kanporaketari dagozkion lehen 26 txandak jokatu ditzute. Hans Odriozola izan da uretara sartu den lehen surflaria.

Anaia gazteenak maila absolutuan egin du gaur debuta ISAko Munduko txapelketa batean, nahiz eta junior mailako txapelketetan esperientzia duen. Besteak beste, Rio de Janeiron, 2023an, 16 urtez azpikoen kategorian lortu zuen titulua nabarmentzen da bere palmaresean. Hansek Punta Rocas hirira joandako Basque Teameko komunikazio taldeari esan dionez, oraindik oso gazte sentitzen da txapelketan parte hartzen duten munduko surfeko izar handiekin alderatuta; hala ere, gaur bere talentua ateratzeko gai izan da, Teo Gale Grani Panamako surflariari eta Roberto Camblor uruguaitarrari gailentzeko.

Hansek garaipena eman dion 7.83ko olatua sinatu du eta 6.20ko beste olatuarekin batera, guztira 14.03 puntu lortu ditu. Teok 9.10 pilatu ditu eta Robertok 8.80.

Hansen ondoren, Rubén Vitoriak hasi du bere ibilbidea Munduko Txapelketa honetan. Zarauztarra zortzigarren izan zen El Salvadorren jokatutako 2025eko Munduko Txapelketan eta marka hori berdindu edo hobetzeko helburuarekin heldu da. Horretarako, azpimarratu du oso garrantzitsua dela koadro nagusitik jarraitzea eta ez erortzea lehiaketa paralelora, errepeskara. Iaz lehiaketaren azken zatira arte egin zuen aurrera, baina bigarren aukerako lehiaren bidetik eta oso ondo daki zein nekeza den. Gaur eman du lehen pausoa, modu egokian. Gipuzkoarra bere txandako abilena izan da 6.33 eta 3.67ko bi olatu onenekin, guztira 10.00 pilatuz. Micael Lerner mexikarrak 8.53 eskuratu ditu eta Emerson Solares guatemalarrak 5.10.

Lehian sartu den azken euskal surflaria Kai Odriozola izan da. Bi anaietan zaharrenak bekainean ebaki bat egin zuen orain dela egun batzuk, begitik oso gertu, Peruko uretan entrenatzen ari zela, baina hori ez da oztopo izan gaur lehen kanporaketako bere txandan distira egiteko. Donostiarrak 11.76 puntu lortu ditu, 6.33 eta 5.43ko olatu onenekin, eta Uriel Uziel israeldarra (8.10 puntu) eta Santiago Gonzalez uruguaitarra (7.07 puntu) gainditu ditu. 

Honekin lotutako berriak

02-azaroa-2026

Zazpi euskaldun arituko dira loriaren bila Punta Rocaseko Munduko txapelketan

Informazio gehiago
18-urria-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak eta Filipe Toledok ez dute parekorik izan  Penicheko supertuboen ikuskizunean

Informazio gehiago
18-urria-2026

Yago Dominguez eta Ariane Ochoa nagusitu dira Edommo Surf Pro Razo txapelketan

Informazio gehiago
21-iraila-2026

Euskal emakumeek kolpea eman dute surfeko nazioarteko elitean

Informazio gehiago
20-iraila-2026

Ariane Ochoak, Basque Teameko bikaintasun proiektuko surflariak, zilarra irabazi du Qualifying Serieetako Saquarema Surf Jaialdian

Informazio gehiago
06-abuztu-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak irabazi du Qualifying Serieseko Boardmasters Yeti Pro txapelketa

Informazio gehiago