Abangoardia helburu
23-iraila-2026

Abangoardia helburu

Imanol Arriortua

Nola eratzen da Munduko txapeldun bat Euskadin?

Basque Teameko talde biomediko-teknikoak euskal kirolariei laguntzen die bikaintasuna lortzeko. Imanol Arriortua txirrindulariaren kasuan sakonduko dugu. 

Basque Team Fundazioaren beka duen Imanol Arriortua kirolaria txirrindularitza egokituan lehiatzen da nazioartean, bai errepidean, bai pistan.

Imanolen bizitza 10 urte zituenean aldatu zen, bere ikusmen-zolitasuna ehuneko hamar baino gutxiagora murriztu zuen endekapenezko patologia baten ondorioz.

Hala ere, bere bizitza txirrindularitzari lotuta egon da beti. Denboraldi batez, bizikleta baztertu zuen bere bigarren kirolean aritzeko, futbolean, baina, azkenean, 18 urterekin, bi gurpiletara berriz igotzea erabaki zuen. Afizionatu mailako tropelean korritu zuen, baina Stargardten gaixotasunak ez zion bere potentziala erakusten uzten, entrenatzaileak egiten zizkion testen emaitzek goian egon zitekeela adierazten zuten arren.

Bere erresistentziarako gaitasunak eta potentzia fisikoak aurkitu zuten azkenean euren behin betiko tokia bi eserlekuko bizikleta gainean, tandem modalitatean. 2024an hasi zen nazioartean lehiatzen. Urte hartako Zuricheko errepideko txirrindularitzako Munduko Txapelketan izan zuen lehen mugarri handia, Francisco Rus pilotu zuela lehiatu baitzen han. Bere estreinako Munduko txapelketan, bikoteak ezustean harrapatu zuen nazioarteko tropela, bi domina eskuratuta: zilarra lineako proban ta brontzea erlojupeko proban.

Hala ere, Arriortuaren benetako leherketa aurten iritsi da. Estatuko txapelketetan abisatu zuen, bai errepidean bai pistan, garaipen gosearekin tituluak bereganatuz, baina Munduko Txapelketan jo du goia. Bizkaitarra bosgarren izan da erlojupekoan eta bigarren proban urrezko domina lortu du 2013tik 2022ra profesionala izan zen Mikel Aristi Bergarako txirrindulariarekin batera. Aristik etapak irabazi zituen Portugalgo Itzulian, Limousineko Tourrean eta La Tropicale Amissa Bongo lasterketan. Zazpi urte egin zituen profesionaletan, azkenak Euskaltelen. Biek oso bikote sendoa osatzen dute errepideko modalitatean, eta dagoeneko inguru guztiaren eta zaletuen miresmena eta ilusioa piztu dituzte.

Imanolek eta Mikelek ederki enpastatu dutela bistan da. Proiektuaren protagonistak eta ageriko aurpegiak dira. Haiek misioaren pisua daramate, baina badira egunerokoan dendaren atzealdean lan egiten duten beste pieza garrantzitsu batzuk ere, Munduko txapeldun batzuk modelatu edo eratu ahal izateko beharrezkoak direnak.

Imanol Arriortuak berezko talentua eta potentziala ditu Munduko titulua eskuratzeko eta 2028ko Los Angeleseko Paralinpiar Jokoetan podiumera igotzeko. Basque Teamek hori sinatzen zuen txirrindularia beka-programan sartu baino lehenagotik ere. Zuzendaritzako kideek eta teknikariek Imanolengan ikusten zuten guztia gauzatzen ari da orain. Ametsa errealitate bihurtzen ari da, egindako apustuagatik eta kirolariak lan egiteko duen seriotasunagatik. Ia egunero joaten da Getxon kokatuta dagoen Goi Mailako Kirolaren Euskal Zentrora.

Herrialde mailako apustua egin da, Euskadi Fundazioaren laguntzarekin, bikaintasun-maila duten euskal txirrindulariez osatutako bikote batek bete ditzan rankingeko goiko postuak, elitearentzat gordetako eremua.

Azken Munduko txapelketan ostadar-mallota janzteko lagun izan duten inguru guztia ere zero kilometroko produktua da. Eneko Iparragirre entrenatzaileak, Basque Team Fundazioaren beka ere baduenak, dena kontrolpean du eta horretarako zaintza lanak beregain hartzen ditu. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua (CAFyD), Iparragirrek Goi Errendimenduko Masterra du kirol ziklikoetan eta irakaskuntzan. Azken urteotan, Euskadiko hautatzaile gisa aritu da XCO eta errepidean (2019-2024), eta Estatuko eta nazioarteko zenbait kirolari prestatu ditu hainbat txirrindularitza modalitatetan.

Enekok planifikazioak zuzentzen ditu eta lan zehatz horretan Aitor Alberdi goi mailako teknikariak laguntzen dio, erresistentzia kiroletan aditua eta txirrindularitzan esperientzia duena. Xehetasun guztiak doitzeko eta denboraldiko gailurrak eta kargak aurreikusita zeuden tokian eta moduan egiten direla ziurtatzeko sostengua ematen du Aitorrek. Jon Iriberri alde biomekanikoaz arduratzen da, pedalei era egokian eragiten dietela ziurtatzeaz, materiala eta aerodinamika Suitzako erloju gisa ahokatzeaz eta tandemak elementu bakar gisa, ahalik eta modu bateratuenean, aurrera egiteaz. Imanol eta Mikelekin lan egiten duen taldea Markel Arreguik ixten du, zentroko arduradun biomedikoak. Markelek kirolarien osasuna zaintzen du, eta, batez ere, datuak biltzen ditu entrenamenduetan eta testetan, aztertu egiten ditu, eta zuzenketak edo hobekuntzak proposatzen ditu, errendimendua hobetuko duen tekla fisiologikoaren bila.

Kontuan izan behar da goi mailako kirolean xehetasun minimoek, ehunenek, milarenek sortzen dituztela diferentziak. Gutxieneko aldeak ajustatzea oso zaila da. Bikaintasuna bilatzen da, eta, hori aurkitzeko, lan eskerga egin behar da, eta muturreko fintasuna izan behar da pieza guztiak, kasu honetan sail eta espezialista guztiak, bateratzerako orduan. Xedea kirolari bakoitzari zerbitzu integrala ematea da, eta bakoitzarentzat neurrira egindako jantziak diseinatzea.

Horretan jarraituko dute. Kasu honetan, Apeldoornen (Herbehereak) urriaren 29tik azaroaren 1era jokatuko den pista egokituko txirrindularitzako Munduko Txapelketa da epe laburreko hurrengo helburua. Epe luzera begira, jomuga Los Angeles 2028an jarrita, sailkapen paralinpikoa prestatzen jarraituko dute, Imanol bere lehen Jokoetarako txartela eskuratzeko hautagaietako bat baita, eta, lortuz gero, domina bat eskuratzeko bertuteak dituen horietakoa da.

Honekin lotutako berriak

10-iraila-2026

Imanol Arriortua Basque Teameko txirrindularia etxera itzuli da Huntsvilleko Munduko Txapelketan irabazitako urrezko dominarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2026

Imanol Arriortua Basque Teameko txirrindulariak Munduko txapelketa bereganatu du Alabaman

Informazio gehiago
30-uztaila-2025

Biomekanika lantzen Basque Teamen: dominen bila, gorputzari entzuten

Informazio gehiago
30-ekaina-2025

Matx podcasta 02: Eukene Larrarte

Informazio gehiago
06-iraila-2024

Heïdi Gaugainek zilarrezko domina irabazi du errepideko txirrindularitzako C5 proban, hirugarrena Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
21-ekaina-2024

Teresa Fernandez-Miranda ez da Budapesteko preolinpikoko BMX freestyle txapelketako finalera igaro

Informazio gehiago