Nadia Erostarbe Basque Teameko surflaria podiumeko hirugarren tokira igo da Championship Tourreko Saquarema Pro proban
Aurreko kanpainan ikasitako guztiak asko balio izan dio Nadia Erostarberi; hala erakusten dute aurten Championship Tourrean, maila goreneko munduko zirkuituan, egin dituen saioek. Zarauztarrak CTko bere debutean postu bat bete zuen ordezkapen bati esker, baina oraingoan, ohore guztiekin sartu da surfeko elitearen esparruan eta proba bakoitzean, bere merituengatik txartela irabazi zuenean bezala, kalitate guztia ateratzen jarraitzen du. Denboraldi honetako zirkuituko sei proba jokatu dira jada eta Nadia Erostarbe bigarrenez podiumean sartu da; oraingo honetan Rio de Janeiron jokatutako Saquarema Pro txapelketan. Probako finalerdietarako sailkatu izanari esker, CTko sailkapen nagusian lau postu igo ditu eta Top 10ean sartu da berriro.
Nadiak lehen kanporaketan hasi zuen bere ibilbidea ur kariokoetan Yolanda Hopkins portugaldarrari aurre eginez. Gipuzkoarrak nahiko goiz utzi zuen kanporaketa bideratuta, txandaren hasieran aukeratutako bi olatuei esker. Erostarbek 10.83ko puntuazioa lortu zuen, Portugaleko surflariak eskuratutako 9.10arekin alderatuta.
Bigarren txandan, surflariek lortutako notak zertxobait txikiagoak izan ziren. Nadiak indarrak neurtu zituen Molly Picklum australiarrarekin. Azken horrek lehen kolpea eman zuen 5.67ko olatuarekin, baina Nadiak 4.00eko batekin erantzun zion, eta 4.40ko beste batekin gero, final-laurdenetarako txartela ziurtatuz horrela.
Fase horretan Caitlin Simmers estatubatuarra zuen zain, 2022tik CTn lehiatzen ari den surflari gazte baina talentuduna. Zarauztarra bikain aritu zen serie horretan eta bere olatuetako bati 8.33ko puntuazioa eman zioten. Ondoren, 7.50eko balioa zuen beste bat aukeratu zuen. Simmers bere notarik onenak (6.83 eta 5.40) hobetzen saiatu zen arren, ez zuen lortu. Nadia finalerdietan sartu zen horri esker.
Finalaurrekoetan Nadiak Tya Zebrowski frantziarrarekin borrokatu behar izan du, 14 urterekin historian CTrako sailkatu den surflari gazteena eta momentuko sentsazioetako bat. Nadiak markagailua ireki du 4.00ko olatu batekin. Zebrowskik 8.17 olatuarekin erantzun dio, eta 6.67ko olatua hartu du jarraian. Zarauztarraren bigarren olaturik onenak 4.67ko puntuazioa eskuratu du. Frantziarrak beste bi olatu gehiago zamalkatu ditu, baina onenak aurrekoak izan dira. Txandako 40 minutuek ez dute gehiagorako eman. Tyak seriea 14.84ko guztizko puntuazioarekin amaitu du, eta Erostarbek, berriz, 8.67ko emaitza sinatu du. Hortxe amaitu da Basque Teameko kirolariaren bidea Rio de Janeiroko proban, oso zapore ona utzita.
2025ean Nadiak CTn lortutako bi emaitzarik onenak Lexus Pipe Pro eta Rip Curl Pro Bells Beach txapelketetan eskuratutako bederatzigarren postuak izan ziren. Aurten bi aldiz bukatu du 17. postuan, beste bi aldiz bederatzigarrenean eta beste bitan hirugarren postuak bereganatu ditu. Podiumera igo da Australiako Bonsoy Gold Coast Pro eta Brasilgo VIVO Rio Pro probetan.
Gogoratu behar da Nadia Erostarbe dela estatuan CTrako sailkatu den lehen emakumea eta aurten lortutako emaitzekin Aritz Aranbururen emaitzarik onenak berdindu dituela. Nadia izan zen, gainera, Joko Olinpikoetarako sailkatu zen lehen surflaria.
Brasilgo probaren ondoren Championship Tourrak geldialdi txiki bat egingo du eta abuztuaren 8an itzuliko da Outerknown Tahiti Pro txapelketarekin, Polinesia Frantziarrean.