Jose Maria Mendiola Basque Teameko judokak zilarra irabazi du Sofiako Europako Irekian
Basque Team Fundazioaren beka duen Jose Mari Mendiola judokak irribarrea berreskuratu du asteburu honetan. Kirolaria, Donostian jaioa, nazioarteko lehiaketa bateko podiumera bueltatu da, Sofian (Bulgaria) jokatutako Europako Irekian zilarra bereganatuta. Mendiolak galdu egin du -81 kiloko kategoriako finalean Alpha Oumar Djalo frantziarraren aurka, baina aurretik Taras Nielziev ukrainarra, Dominic Rodriguez estatubatuarra, Denislav Ivanov bulgariarra, Umalt Demirel turkiarra eta Ciprian Gribinet moldaviarra kanporatu ditu.
Sofiako Europako Irekian, guztira, 39 herrialdetako 285 kirolari lehiatu dira, 237 gizon eta 148 emakume.
Asteburu honetako emaitzarekin, Jose Marik erakutsiko atzean utzi duela jada joan den ziklo olinpikoan belaunean izan zuen lesioa, Pariseko Jokoetarako sailkapena galarazi ziona. Podiumera hurbiltzen hasi zen uda honetan, Tallingo Europako Irekian bosgarren geratu zenean, eta asteburu honetan beste pauso bat eman du, zilarrezko domina lortuta.
Mendiolaren nazioarteko ibilbidean, orain arte, nabarmenak dira 2020an Varsoviako European Openean lortutako bigarren postua, 2021ean Zagrebeko European Openean lortutakoa, 2022an Abu Dhabi Grand Slamean lortutakoa eta 2023an Qazaqstan Barysy Grand Slamen eskuratutako hirugarren postua, besteak beste.
Basque Teameko judokaren hurrengo hitzorduak otsailaren 14ko Ljubljanako European Opena eta martxoaren 6ko Austriako Grand Prix Upper-a izango dira.