Basque Teameko Lucas Eguibar snowboardlaria St. Moritzeko Munduko txapelketako finalean sartu da sailkatze-jardunaldiaren ondoren
Lucas Eguibarrek St. Moritzen, Suitzan, jokatuko duten Munduko txapelketako snowboardcross lasterketarako txartela lortu du. Donostiarrak ez du sailkapen jardunaldiko bigarren txandan lehiatu beharrik izan, txartela lehenengoan lortu baitu, hamazazpigarren denborarik onena eginez: 1: 02.80.
Lucas lehen sailkapen saioan bigarren postuan abiatu da, eta eguneko kronorik onena erdietsi duen Eliot Grondin kanadiarrarekiko +1.59ko aldearekin bukatu du jaitsiera.
Lucasek St. Moritzera joandako Basque Teameko komunikazio taldeari adierazi dio denboraldi zaila izaten ari dela, eta gauzak oraindik ez daudela erabat bere lekuan, iaz Akilesen tendoiaren hausturaren ondorioz izandako lesioa gainditu eta gero. Gaurko sailkapen txandan, dena dela, gipuzkoarrak bere aurkari zuzenekoekiko aldea murriztea lortu du, atzoko entrenamendu ofizialetako denborak erreferentziatzat hartuz gero. Atzo aldeak zabalagoak izan ziren.
Bihar Lucasek Munduko rider onenen aurka jokatuko du berriro ere, baina oraingoan lauko txandetan, ez banaka, entrenamenduetan eta gaurko sailkapenetan gertatu den bezala. Lucas final handian sartzen saiatuko da, 2017an Sierra Nevadako Munduko Txapelketan (bi zilar bereganatu zituen bertan, bat banaka eta bestea taldeka), 2019an Solituden (AEB) (han laugarren izan zen) eta 2021ean Idre Fäjllen (Suedia) (han Munduko txapelketa irabazi zuen) gertatu zen moduan.
Eguibarrek Akilesko tendoian izandako lesioaren zama izan du denboraldi honetan, baina egia da azken bi Munduko Kopetan, zortzigarren izanda Gudaurin (Georgia) eta zazpigarren izanda Montafonen (Austria), berriz ere sentsazio onak berreskuratu dituela, eta horrek berriro final handi batean egoteko ametsa eragiten diola.
Lucas aditua da egoera zailei buelta ematen eta horietatik sendotuta irteten. Aurreko Munduko Txapelketetako emaitza onez gain, Basque Teameko kirolariak Kristalezko Globoa irabazi zuen 2015ean, eta bi diploma olinpiko poltsikoratu zituen Sotxiko Jokoetan (2014) eta Beijingekoetan (2022) lortutako zazpigarren postuengatik. Hau da kategoria absolutuan jokatu duen zortzigarren Munduko txapelketa.