Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak WCT zirkuituan debuta egingo du, estatu mailan hori lortzen duen lehen emakumea izanik
22-urtarrila-2025

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak WCT zirkuituan debuta egingo du, estatu mailan hori lortzen duen lehen emakumea izanik

Nadia Erostarbe

Aurreko denboraldian egindako lan bikainaren ondoren, zarauztarrak WSLren gonbidapena jaso du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan lehiatzeko, maila goreneko zirkuituaren barruko urteko lehen ekitaldian, Johanne Defayren baja dela eta

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak beste urrats bat eman du bere ibilbide bikainean, urtarrilaren 27tik otsailaren 8ra Banzain (Oahu, Hawai) jokatuko den Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean debuta egingo baitu. 2025ean World Championship Tour (WCT) Munduko surfaren kategoria gorenean egingo den lehen ekitaldia izango da. Horrela, estatu mailan surfaren zirkuitu garrantzitsuenean debuta egingo duen lehen emakumea da Nadia, eta bigarren surflaria, estatuan, Aritz Aranburu Basque Teameko kirolaria baino ez baita iritsi, orain arte, maila horretara.

Nadia Erostarbek aurreko denboraldian egindako urte bikaina ez zaio oharkabean pasatu World Surf Leagueari (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak gonbidapena luzatu dio aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko. Nadia igoeratik postu batera geratu zen, seigarren kokatuta dago Challengerretako zerrendan eta horregatik hartuko du Defayren tokia. 

Zirkuitu honek, CTk, beste hamar proba gehiago izango ditu eta, berritasun gisa, Fijin jokatuko den final handia. Aurten, aipatutako zirkuituak, Abu Dhabiko probaren debuta eta Snapper Rocks eta Jeffreys Bay leku ikonikoen itzultzea barne hartuko ditu. Nadia, oraingoz, zirkuitu horretako lehen txapelketan lehiatuko da, Hawaiin, eta proba hori eta agian beste batzuk gehituko zaizkie berez bere egutegian badauden Challenger Serieei (WCT baino maila bat beherago dauden txapelketak).

2025. urterako World Tourrak denboraldi erdian etenari eusten dio; hau da, urtea hasi duten surflari asko lehiaketatik kanpo utziko ditu lehen erdia igarota. Zazpigarren probaren ondoren, txapelketa bakoitzean parte hartuko duten surflarien kopurua izugarri murriztuko da. Denboraldi erdian, hasierako 36etatik ondoen sailkatutako 24 gizonak geratuko dira lehian eta hasierako 18etatik ondoen sailkatutako 12 emakumeak.

Nadia Erostarbe WSLtik eman zaion aukera aprobetxatzen saiatuko da Munduko onenekin lehiatzeko. Pasa den denboraldian CTrako sailkapena lortzeko oso gutxi falta izan zitzaion. Euskal surflaria Saquarema Pro txapelketara iritsi zen txartela eskuratzeko aukerekin (izan ere, sailkapena ematen zuen azken postuan kokatuta iritsi zen txapelketara), baina zoritxarrez lehen kanporaketan erori zen. Hala ere, zarauztarrak denboraldi ikusgarria egin zuen, Lacanau Pro txapelketa irabazi zuen eta hirugarren izan zen Qualifying Serieetako Rip Curl Pro Anglet txapelketan. Gainera hirugarren postuan bukatu zuen bi aldiz (Sydney Surf Pro presented by Bonsoy eta Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico txapelketetan) eta beste bi aldiz bosgarren postuan (Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM eta Ballito Pro txapelketetan) Challenger Serieen barruan.

Bestalde, Puerto Ricon egindako ISA Munduko Txapelketa bikainak, laugarren postuan bukatuta, bere lehen Joko Olinpikoetan aritzeko txartela eman zion. Bera izan zen sailkapena lortu zuen lehen surflaria, azkenean Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri eta Andy Criere surflariek ere txartela erdietsi zuten arren. Teahupooko olatu beldurgarrian Nadiak paper ona egin zuen. Bosgarren amaitu zuen eta diploma olinpikoa ekarri zuen etxera.

Orain Nadia aitzindaria da berriro eta bidea irekitzen ari da. Estatuko lehen emakumea izango da CTn debuta egiten, eta Banzain egingo du, surflarientzako gune arriskutsuenetako batean, sakonera txikiko arrezife eta olatu esanguratsuak dituena. Guillermo Gutierrez bere teknikariak berarekin bidaiatu du. Aritz Aranburuk oraingoan etxetik egingo dio jarraipena, arretaz. Jokoetarako prestaketan eta Tahitiko lehiaketa olinpikoan berarekin izan zen. Aritz CTn eskarmentua duen estatuko surflari bakarra da. 2007an sailkatu zen lehen aldiz, eta 2013an bigarrenez. Maila goreneko hitzorduetan duen ezagutza guztia eskaini ahal izango dio Nadiari oraingo honetan.

Egutegia Challenger Seriak 2025:
Newcastle, Hegoaldeko Gales Berria, Australia: ekainaren 2tik 8ra
Ballito, KwaZulu-Natal, Hegoafrika: ekainaren 30etik uztailaren 6ra
Huntington Beach, Kalifornia, AEB: uztailaren 29tik abuztuaren 3ra (US Open jaialdiaren leihoa: uztailaren 26tik abuztuaren 3ra)
Ericeira, Portugal: irailaren 29tik urriaren 5era
Saquarema, Rio de Janeiro, Brasil: urriaren 11tik 19ra

Egutegia WCT 2025:
Banzai Pipeline, Hawaii, AEB: urtarrilaren 27tik otsailaren 8ra.
Surf Abu Dhabi, Abu Dhabi, UAE: otsailak 14tik 16ra.
Peniche, Portugal: martxoaren 15etik 25era.
Punta Roca, El Salvador: apirilaren 2tik 12ra.
Bells Beach, Victoria, Australia: apirilaren 18tik 28ra.
Snapper Rocks, Queensland, Australia: maiatzaren 3tik 13ra.
Margaret River, Western Australia, Australia: maiatzaren 17tik 27ra. (Lehen mozketa)
Lower Trestles, San Clemente, Kalifornia, AEB: ekainaren 9tik 17ra.
Saquarema, Rio de Janeiro, Brazil: ekainaren 21etik 29ra.
Jeffreys Bay, South Africa: uztailaren 11tik 20ra.
Teahupo ‘o, Tahiti: abuztuaren 7tik 16ra (Azken mozketa).
WSL Finals – Cloudbreak, Fiji: abuztuaren 27tik irailaren 4ra.

Nadia Erostarberen biografia
Zarautz, 2000-05-27

Posizioa: Goofy (eskuineko oina aurretik)

Nadia surflarien familiatik dator. Euren gomendioak entzuten ditu, eurak dira bere sostengua, eurekin bidaiatzen du eta eurek irakatsi zioten, hiru urterekin, bere ogibide bihurtu den kirola. Senitarteko guztiek surfeatzen dute: aitak, amak, ahizpak, osabak… Hiru urterekin jarri zen taula baten gainean eta ordutik ez da geratu.

Nadiak hasieratik etorkizun oparoa izango zuela erakutsi zuen arren, 2018a berezia  izan   zen. Bereibilbidean jauzi handia eman zuen Taharako Munduko txapelketa jokatu zuenean. Proba handia zen, handiekin neurtu behar zituen indarrak eta seigarren postuan  amaitu zuen. Hori hasiera besterik ez zen izan. Gainera Aloha Cup-ean urrea irabazi zuen taldearen partaide izan zen.

2019an Senegalen eta Txilen lortu zituen garaipenek baieztatu zuten Munduko txapelketan ikusi zena. Ondoren, Miyazakiko Munduko txapelketan, onena izan zen berriro banakako lehian, 12. postuan bukatuta.

Orain dela bi urte ahulaldia izan zuen Australiako surfa etxeko ikasketekin uztartu behar izan zuenean. “Australiara joan etorriak egiten nituen klaseetara joateko. Batzuetan hegazkina hartzen nuen azterketa bat egiteko eta jarraian Australiara itzultzen nintzen. Estresagarria zen” gogoratzen du.

2021ean Tokioko Jokoetarako postu bat eskuratzen saiatu zen El Salvadorreko Munduko Txapelketan, bainaez zuen lortu, 33. bukatu baitzuen. 2022ko Munduko txapelketan, Huntington Beach-en, 15. postuan amaituzuen eta 22.ean 2023ko El Salvadorrekoan.

Hala ere, gauzek nabarmen egin dute hobera gerora. Pasa den denboraldian agertu zen Nadiare bertsiorik onena oreain arte. Aipagarriak dira Qualifiying Serieetako Caraïbos Lacanau Pron erdietsitako garaipena, Rip Curl Pro Angleten lortutako 3. postua eta Rip Curl Pro Search Taghazout Bay proban erdietsitako 5.a. Horrez gain, Challenger Serieetan ere emaitza itzelak bereganatu ditu: 5. postua Ballito Pron eta Wallex US Open of Surfingen, 9 postua  EDP Vissla Ericeira Pron eta 3.a Sydney Surf Pron eta US Openean. Emaitza guzti horiengatik, Saquarema Pro txapelketara WCTra, zirkuitu gorenera, igotzeko aukerekin heldu zen. Oso gutxi falta izan zitzaion estatu mailan hori egin duen lehen emakumea izateko. 

Puerto Ricoko Munduko Txapelketan, 2024an, gogor aritu zen, finalera iritsi eta laugarren izan zen, eta Pariseko Jokoetarako sailkapena ziurtatu zuen horrela. Teahupooko olatu mitikoan final laurdenetaraino heldu zen eta txanda horretan Tatiana Weston-Webb brasildarrarekin, diziplinako erreferenteetako batekin neurtu zituen indarrak. Nadiak bosgarren amaitu zuen eta diploma olinpiko bat eraman zuen etxera.

Etorkizunean, surfean hain zentratuta ez dagoenean, ikasketei berriz ekitea da bere asmoa, bere buruan, hobby gisa surfeatzen jarraitzeaz gain, nutrizioa ikastea ere baduelako.

Nabarmendutako emaitzak nazioartean
Olinpiar Jokoak

Paris 2024: 5. (olinpiar diploma)

Women’s Challenger Series 

2020
Sydney Surf Pro: 49.
2021
US Open of Surfing Huntington Beach by Shiseido: 17. 
MEO Vissla Pro Ericeira: 33.
Roxy Pro France: 49.
2022
Boost Mobile Gold Coast Pro: 49. 
GWM Sydney Surf Pro: 17.
Ballito Pro: 33.
VANS US Open of Surfing: 9. 
EDP Vissla Pro Ericeira: 25.
Corona Saquarema Pro: 17.
Haleiwa Challenger, at Home in the Hawaiian Islands: 17.
2023
Ballito Pro: 5.
Wallex US Open of Surfing: 5.
EDP Vissla Ericeira Pro: 9. 
Corona Saquarema Pro: 3.
2024
Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM: 5.
GWM Sydney Surf Pro presented by Bonsoy: 3.
Ballito Pro: 5.
Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico: 3.
EDP Ericeira Pro: 9.
Corona Saquarema Pro dpresented by Banco do Brasil: 25.

Women’s Qualifying Series (podiums)
2018
Caparica Pro: 3.
2019
Senegal Pro: 1.
Krui Pro: 3.
Heroes de Mayo Iquique Pro: 1.
2020
Cabreiroá Pro Las Américas: 3.
2022
Seat Pro Netanya: 2.
2023-2024 
Caraïbos Lacanau Pro: 1.
Rip Curl Pro Anglet: 3.

Specialty Events
French Rendez Vous of Surfing: 9.
MEO Portugal Cup of Surfing: 2.

ISAko Munduko txapelketak
Tahara (Japón), 2018: 6.
Miyazaki (Japón), 2019: 12.
El Salvador, 2021: 33.
Huntington Beach, 2022: 15.
El Salvador, 2023: 22. 
Puerto Rico, 2024: 4. 

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago