Nadia Erostarbe, Andy Criere, Yago Dominguez eta Joan Duru hirugarren kanporaketara igaro dira Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan
Janire Gonzalez-Etxabarrik ez du lehen kanporaketa gainditu, ezta Kai Odriozolak bigarrena ere, baina bigarren aukerakoari esker jarraitzen dute lehian
World Surf Games txapelketako bigarren jardunaldia puntualtasunez hasi da Margarako podiumean, baina ez da gauza bera gertatu El Picon kokatuta dagoen gunean. Janire Gonzalez-Etxabarri ordu erdiko atzerapenarekin sartu da uretan, antolatzaileek egindako kalkuluekin alderatuta. Gauzak ez dira oso ondo atera zarauztarrarentzat, Arecibora belauneko lesioaren ondorioekin iritsi baita, eta ez dio ehuneko ehunean desblokeatzen utzi. Janire lehen kanporaketako lehen txandan sartu da, eta kosta egin zaio lehen olatua aukeratzea. Ia txanda erdia pasa behar izan du gipuzkoarrak erasoa jotzeko une egokia zela erabaki duen arte. Puntuazio osoa, 8.87koa, ez da nahikoa izan Mathea Olin kanadarra (11.00) eta Siqi Yang txinatarra (10.34) mendean hartzeko.
Joan Duruk, bere aldetik, etekin erabakiorrak atera dizkie hirugarren kanporaketara arazorik gabe iristeko aukeratu dituen olatuei. Nabari da Baionan jaiotako surflariak eskarmentu handia duela txapelketa garrantzitsuetan, hala nola, WCT zirkuitoan, eta World Games ISA txapelketan Munduko txapeldun izan zela El Salvadorren, 2021ean. 6.50 eta 6.33ko bi olatuk lehen postua eman diote Dururi, ondoren Levi Young kanadarra (9.60), Martin Ottado uruguaiarra (6.66) eta Mateo Christodulu greziarra (5.20) sailkatu dira.
Nadia Erostarbe ere hirugarren kanporaketan sartu da, bere kalitate guztia eta surf sendoa erakutsiz. Denboraldi osoan zehar nabarmendu da eta ia WCTrako sailkatzeko aukera ematen dio. Hori lortuz gero, estatu mailako lehen emakumea izango litzateke erronka hori erdiesten. Gaurko txandan, likren kolorearekin gaizki-ulertu bat egon da, baina horrek ez du zarauztarra baztertu edo urduritu, eta aurrera jarraitzen du bere helburua lortzeko: 2024ko Pariseko Jokoetan aritzeko txartela. Nadia Munduko Txapelketako hirugarren kanporaketara 14.00ekin pasa da, bere txandan Daniella Rosas perutarra (6.57), Delfina Morosini uruguaitarra (4.00) eta Danielle Powis hegoafrikarra (3.50) gaindituz.
Ez du Kai Odriozolak Nadia Erostarberen zorte bera izan. Gipuzkoako surflari gaztea erasoa jotzen saiatu da bigarren kanporaketako txanda hasi denetik, eta interferentziagatik zigortu dute. Bere serieko hirugarren postuan bukatu du, Billy Stairmand zeelandaberritar eta olinpikoaren eta Alonso Correa perutarraren atzetik. Erreklamazioa jarri duen arren, ez baitago ados ezarritako interferentziarekin, epaileek erabaki dute Kaik errepeskaren bidez jarraitu beharko duela Munduko Txapelketan.
Andy Criere, berriz, oso egun serioak gauzatzen ari da. Criere oso kontzentratuta dago bere surfing-ean, eta horrela egin du aurrera bigarren kanporaketara, urrats sendoak emanda. Bigarren kanporaketan Alan Cleland mexikarra, 2023an El Salvadorren Munduko txapelduna ian du aurrez aurre, baina hurrengo faserako txartela lortu du Crierrek bere serieko lehen postuan igarota, 4.33ko olatu batekin eta 8.17ko beste batekin, eguneko onenetakoa. Kehu Butler Zeelanda Berriko surflariak lagundu dio hirugarren kanporaketarako bidean, eta Alan Cleland eta Boubker Bouaouda marokoarra errepeskara erori dira.
Yago Dominguez bizkaitarrak itxi du gaurko euskal ordezkaritza. Yago oso fidagarria izaten ari da eta bere txandak erraz gainditzen ari da orain arte. Gaur, 7.17 eta 5.67ko balioa duten bi olatuk (12.84 guztira) hirugarren kanporaketarako sailkapena eman diote, lidergoan amaituz, Puerto Ricoko Brian Toth (12.00), Marokoko Teva Bouchgua (8.67) eta Norvegiako Noa Storhaug (8.60) surflarien aurretik.