Rocio
Ybarra (enbaxadorea)

BIO

Rocio Ibarrak (Berango, 1984) etxetik jaso du belar hockeyarekiko zaletasuna. Jokalaria zuen ama, eta haren partidak ikusten sortu zitzaion harra. Hura ez zen beren etxeko jokalari bakarra izan, ordea; aitona, eta haren anaia bat, aurrez aritutakoak ziren, -Olinpiar Jokoetan parte hartzera iritsi zen azken hura-, baita bere anaia ere. Hala, denbora kontua zen Rociok berak makila eskuetan hartzea.

Jolasetan egin zituen lehendabiziko urratsak. Getxoko taldean hasi zen lehian, eta berehalakoan bere maila azaleratzen hasi zen. Horrek beste pauso bat ematea ahalbidetu zion; bost urtez, Madrilen entrenatzen zuen, gero bere taldearekin jokatzeko. Sakrifizio horrek bere fruituak eman zizkion, eta etxetik kanpoko taldeetan ibilbidea hasi zuen.

Lehendabizi, Bartzelonako Polo entzutetsura egin zuen jauzi. Han hiru urte egin zituen Ybarrak, harik eta etxetik are urrunago egiteko hautua egin zuen arte. Alemaniako Hamburgo taldean hartu zuen ostatu hurrengo sasoian, eta Alemaniako ligako txapeldun izan zen han; baita Europako txapeldunorde ere.

Alabaina, bere ibilbideak bazituen geltoki gehiago. Hanburgoko ibilia egin ostean Herbehereetara joan zen, belar hockeyko kultura handia dagoen herrialdera. Utrecht hiriko Kampong taldean estreinatu zen lehenik, eta Hayako HDMra joan zen gero. Han lau denboraldiz aritu ondotik, Eindhoveneko Oranje Zwart taldean jokatu zuen azkenik.

Taldeka ibilbide oparoa badu ere, estatuko selekzioarekin ere lorpen handiak eskuratutakoa da Ybarra. Izan ere, hiru aldiz aritu da Olinpiar Jokoetan: Atenasen (2004), Beijingen (2008), eta Rion (2016); Txinan eta Brasilen olinpiar diploma eskuratuta. Guztira, 266 partida jokatu zituen selekzioarekin, eta Olinpiar Jokoez gain, bi Munduko Txapelketa eta zortzi Europako Txapelketa ere jokatu zituen; azken horretan, bigarren postua eskuratu zuen 2002. urtean.