LourdesOyarbide
BIO
Lourdes Oiarbidek (Egino, 1994) txirrindularitza izan du pasio eta bizi iturri. Haurra zenetik.kirol horri lotuta egon da arabarra, zazpi urte zituela hasi baitzen Aratz-Araiako txirrindulari eskolan. Ordutik ez du bere bilakaera moteldu, eta koskaz koska gorengo mailara arte igo da.
Oiarbide segituan hasi zen bere maila ageriko uzten. Esaterako, 2011ean erlojuaren aurkako Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituen. Artean, Duranguesa Txirrindulari Elkarteko junior mailako taldean aritzen zen, eta kolore horiek soinean nazioarteko lehiaketetan emaitza onak lortu zituen 2012an. Besteak beste, 12. izan zen Bretainiako Tourrean, bosgarren junior mailako erlojupekoko Europako Txapelketan, eta hamagarren proba bereko Munduko Txapelketan.
Lorpen horien ondotik, berehalakoan iritsi zitzaion profesionaletara jauzia emateko ordua. Hurrengo sasoian, 2013. urtean, Bizkaia-Durango taldean hasi zen lehian, eta lasterketarik entzutetsuenetan aritzeko bide eman zion horrek.
Bizkaitarren artean zela egin zuen estreinakoa maila nagusiko Munduko Txapelketa batean. Erlojupeko proban lehiatu zen, 2014an, 34. postuan amaituz. Bi urte geroago egin zuen estreinakoa itzuli handi batean, Giroan lehiatuta, eta 2017an eta 2019an Erlojupekoko Munduko Txapelketan aritu zen, azken urte horretan errepideko proban ere egin zuelarik.
Bi urte horien artean, 2018an, Movistar talderako jauzia egin zuen Oiarbidek, eta ordutik bederatzi garaipen eskuratu ditu talde horren elastikoa soinean duela. Halaber, 2019ko errepideko Espainiako Txapeldun izan da maila absolutuan.
Gure nagusiak
Babesleak