Snowboardari eskainitako atalak, Lucas Eguibar eta Alvaro Romerorekin, 'BAT To Milano-Cortina' saioa estreinatuko du asteburu honetan
Dokumental sorta osatzen duten sei atalak igande goizez izango dira ikusgai ETB1eko ‘Helmuga’ programan (11:30)
Aste honetan Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Milano-Cortina’ telesaila estreinatuko da snowboardari eskainitako ‘Mina gainditu urrea bereganatzeko’ izeneko atalarekin.
Bizitzan badira pertsonen heldutasun maila edo pentsamoldea aldarazten duten gertaerak. Horixe jazo zaie Lucas Eguibar eta Álvaro Romero snowboardlariei azken ziklo olinpikoan. Lucasen kasuan prozesua aspaldi hasi zen, 18 urte zituenean eta Sotxiko Jokoetan lehiatzeko prestatzen ari zenean, anaiak izan zuen moto-istripu larriarekin. 2024an patuak berriz ere probatu du Akilesen tendoia hautsita, baina oraingoan gertatutakoa berriz ere baliagarria izan zaio gauza askori buruz hausnartzeko, ikasteko eta azterketa sakona egiteko. Badakite askotan muturrera joaten direla eta soka hainbeste tenkatzean hautsi egiten dela.
Antzeko zerbait bizi izan du Alvaro Romero gazteak ere, 2025ean pubisa hautsi baitu Munduko Txapelketa baino lehen erorita. Denbora aprobetxatu du gauza asko berregituratzeko eta denboraldiko hitzordu garrantzitsuena prestatzeko: Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Jokoak. Lucasen kasuan, bere laugarren Jokoak izango dira. Dagoeneko bi diploma jaso ditu, eta orain podiumeko tokirik altuenera igotzea izango du helburu, oinaze fisiko eta mental guztiak gainditzea, urre desiratua konkistatzeko.
‘BAT To Milano-Cortina’
2026ko Milan-Cortina d’ Ampezzoko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan abenduaren erdialdetik astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT To Milano-Cortina’k, ‘BAT To Rio’, ‘BAT To Pyeongchang’, ‘BAT To Tokio’, ‘BAT To Beijing’ eta ‘BAT To Paris’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.
Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.
‘BAT To Milano-Cortina’, ‘Korima Films’ ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Italiako hirietan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.
Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.