Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curlingeko jokalariengana hurbilduko gaitu 'BAT To Milano-Cortina' saioaren hirugarren atalak
Dokumental saila osatzen duten sei kapituluak igande goizetan eskaintzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ programan (11:30)
Aste honetan, Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Milano-Cortina’ dokumental saioak Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curlingeko jokalariak izango ditu protagonista ‘Epikaz beteriko istorioa’ izeneko atalean.
Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek une onak eta txarrak bizi izan dituzte curlingean egindako ibilbidean, bai hastapenetan, bai goi mailako etapan. Banakako kirol eta diziplinetan hasi ziren arren (Mikel igeriketan eta Oihane gimnastikan eta atletismoan), helduak zirela, euren burua berrasmatu zuten eta urratsa eman zuten curlingean hasteko. Erosotasun-eremuan zuten kontrola galdu zuten, baina behetik hasita bizimodu berri bat eraikitzen jakin zuten, eta horrek nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetan lehiatzera eta talde mistoetako probetan munduko dominak lortzera eraman ditu.
Mikelek pertsona obsesibotzat hartzen du bere burua, eta Oihaneren irmotasun eta perfekzionismoarekin osatzen da. Horrela, tandem sendoa osatzen dute, oztopoak gainditzeko gai izan dena; lehena, gutxienez mila kilometro egin behar izatea izotzaren bila, kalitatez entrenatu behar duten bakoitzean. Erronka ugari izan dituzte elkarrekin, azkena, binakako mistoen mundu mailako preolinpikoa, Milango Jokoetarako sailkapena lortu ez duten arren. Ohore, duintasun eta epikotasunez betetako istorioa da eurena.
‘BAT To Milano-Cortina’
2026ko Milan-Cortina d’ Ampezzoko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan abenduaren erdialdetik astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT To Milano-Cortina’k, ‘BAT To Rio’, ‘BAT To Pyeongchang’, ‘BAT To Tokio’, ‘BAT To Beijing’ eta ‘BAT To Paris’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.
Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.
‘BAT To Milano-Cortina’, ‘Korima Films’ ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Italiako hirietan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.
Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.