Juan del Campo, Aingeru Garay eta Ander Mintegui eskiatzaileei eskainitako atalak 'BAT To Milano-Cortina' saioa itxiko du
29-urtarrila-2026

Juan del Campo, Aingeru Garay eta Ander Mintegui eskiatzaileei eskainitako atalak 'BAT To Milano-Cortina' saioa itxiko du

Aingeru Garay

Dokumental bilduma osatzen duten sei atalak igande goizetan emititu dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan (11:30)

Aste honetan Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Milano-Cortina’ telesailak Juan del Campo, Aingeru Garay eta Ander Mintegui eskiatzaileen hastapenak eta eboluzioa bilduko ditu ‘Erlatibizatu amesten jarraitzeko’ izeneko emanaldian.

Hirurak goiz hasi ziren elurrarekin kontaktua izaten, euren familien zaletasunari esker, eta hirurek bat egiten dute eskiarekiko hasiera-hasieratik sortu zitzaien pasio eta maitasunarekin. Laster hasi ziren emaitza onak lortzen beheko kategorietan eta horrek lehiaketara azkar lotzea ekarri zien, goi mailara iritsi arte. Juanek eta Aingeruk proba teknikoetan emaitzak erdiesteko lan egiten dute orain, eta Ander Mintegik, berriz, abiaduran. Bere ahaleginaren ondorioz, 2025ean historian lehen aldiz hiru euskal eskiatzaile izan dira alpinoko Munduko Txapelketa absolutuetan lehiatzen, eta Juan eta Aingeru Munduko Kopan lehiatu dira, nazioarteko ekitaldirik zorrotzenean, nahiz eta Euskadik elurrik ez izan.

Batzuetan, datozen belaunaldiei bidea ireki behar izatea eta lehia-mailari eutsi behar izatea pisu handi samarra da eurentzat. Urteekin ikasi dute indibiduala den kirol bat kolektibo bihurtzen eta garaipenak eta porrotak erlatibizatzen, bizitzako beste alderdi edo arazo garrantzitsuenen aurrean 20 milaren segundo hobetzeko beharra erlatibizatzen. Oreka hori aurkitzeak gozarazi egiten die, eta haurrak zirenean bezala amets egiten jarraitzeko gaitasuna ematen die.

‘BAT To Milano-Cortina’
2026ko Milan-Cortina d’Ampezzoko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan abenduaren erdialdetik astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT To Milano-Cortina’k, ‘BAT To Rio’‘BAT To Pyeongchang’‘BAT To Tokio’‘BAT To Beijing’ eta  ‘BAT To Paris’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.

‘BAT To Milano-Cortina’, ‘Korima Films’ ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Italiako hirietan lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.

Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.

Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.

Honekin lotutako berriak

18-otsaila-2026

Arrieta Rodríguez, Basque Teameko eskiatzaileak, bere lehen Neguko Jokoetan 33. Postuan amaitu du eslaloma

Informazio gehiago
03-otsaila-2026

BAT TO MILANO

Informazio gehiago
19-urtarrila-2026

BAT TO MILANO

Informazio gehiago
15-urtarrila-2026

Imanol Rojo eta Peio Añarbe iraupen-eskiatzaileak dira ‘BAT To Milano-Cortina’ saioaren laugarren ataleko protagonistak

Informazio gehiago
21-abendua-2025

BAT TO MILANO: 2. kapitulua

Informazio gehiago
16-otsaila-2025

Basque Teameko Juan del Campo eta Aingeru Garay eskiatzaileek lan ona egin dute Saalbacheko Munduko Txapelketan eta 23. eta 29. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren

Informazio gehiago