“Epikaz beteriko istorioa”
Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek une onak eta txarrak bizi izan dituzte curlingean egindako ibilbidean, bai hastapenetan, bai goi mailako etapan. Banakako kirol eta diziplinetan hasi ziren arren (Mikel igeriketan eta Oihane gimnastikan eta atletismoan), helduak zirela, euren burua berrasmatu zuten eta urratsa eman zuten curlingean hasteko. Erosotasun-eremuan zuten kontrola galdu zuten, baina behetik hasita bizimodu berri bat eraikitzen jakin zuten, eta horrek nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetan lehiatzera eta talde mistoetako probetan munduko dominak lortzera eraman ditu.
Mikelek pertsona obsesibotzat hartzen du bere burua, eta Oihaneren irmotasun eta perfekzionismoarekin osatzen da. Horrela, tandem sendoa osatzen dute, oztopoak gainditzeko gai izan dena; lehena, gutxienez mila kilometro egin behar izatea izotzaren bila, kalitatez entrenatu behar duten bakoitzean. Erronka ugari izan dituzte elkarrekin, azkena, binakako mistoen mundu mailako preolinpikoa, azkenean Milango Jokoetarako sailkapena lortu ez duten arren. Ohore, duintasun eta epikotasunez betetako istorioa da eurena.