Iñigo Peña eta Begoña Lazcano sprint piraguismoko K2-1.000 metroko finaletan izango dira, eta Aitor Gorrotxategi, K1-1.000 metroko finalerdian, Europako txapelketan
Ur lasaietako piraguismoa gaur hasi da Municheko Europako Txapelketan, eta Iñigo Peña, Begoña Lazcano eta Aitor Gorrotxategi Basque Teameko kirolariek lehen probak izan dituzte jada.
Iñigo Peñak Paco Cubelosekin bikotea osatu du berriro, K2-1.000 metrokoan distira egiten jarraitzeko. Proba horrek Munduko bi azpitxapelketa eta diploma olinpiko bat eman zizkien. Gaur euren serieko onenak izan dira, zalantzarik gabe, eta 3:19.280 denborarekin A finalera pasa dira zuzenean. Proba hau orain programa olinpikoan sartzen ez denez, Peñarentzat lehentasuna izateari utzi dio, baina Europako txapelketa honetan parte hartuko duen hiruretako bat da.
Begoña Lazcanok ere K2-1.000 metroko finala jokatzeko txartel zuzena lortu du. Begoñak, Laia Pelachsekin batera, bigarren amaitu du gaurko seriean, Poloniako ontziaren atzetik, eta 3:42.948 (+0.501) denbora eginda, A finalera pasatu da. Finalera pasatzen ziren txandako lehen hiru ontzian.
Aitor Gorrotxategi berarentzat ohikoa ez den proba batean lehiatuko da Munichen, K1-1.000 metrokoan. Basque Teameko bikaintasun-proiektuko kidea Madrilgo Blume zentroan ari da entrenatzen talde absolutuarekin, eta Halifaxeko Munduko Txapelketan ere parte hartu du. Kasu honetan, ordea, bakarka ekingo dio txapelketari. Irungoa zazpigarren izan da bere seriean, 3:41.176 (+5.624) denborarekin. Beraz, finalerdia jokatu beharko du A finalera iritsi ahal izateko.