‘Matx’ podcasta, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusten duen saioa
Basque Team Fundazioak bere kirolarien bizipenak podcast moduan ezagutzera emateko programa bat du aurten ere. Matx tokiko kirolaren sare sozialarekin lankidetzan, programak jarraipena izango du goi-mailako euskal kirolarien beste aldea erakusteko asmoarekin.
Basque Teamek eta Matx sare sozialak, tokiko kirolean erreferente denak, kirol minoritarioari ikusgarritasuna ematen jarraitzea dute helburu, baina modu originalean. Goi mailan lehiatu arren ikusgarritasuna behar duten euskal kirolarien beste aldea erakusteko bideopodcasta ekoitziko du Matxek. Horretarako, Basque Teamen laguntza izango du berriz ere, Fundazioaren beka duten eta masiboak ez diren kiroletan nazioartean lehiatzen diren kirolariek parte hartuko baitute solasaldietan. Hala ere, ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo den arren, jendearentzat hain ezagunak ez diren protagonisten beste alderdi batzuk azaleratzen saiatuko da saioa.
Sei kapitulu
Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu, iaz bezala. Abuztuan eta abenduan izan ezik, sare sozialeko eta Basque Teameko jarraitzaileek programa berri bat ikusi ahal izango dute gainerako hilabete guztietan. Entzuteaz gain, saioa ikusteko aukera ere izango da.
Atal guztiak www.matx.eus sare sozialean ikusi ahal izango dira. Era berean, Basque Teameko plataforma digitalek, Matx-ek eta Tokikom taldeko tokiko hainbat komunikabidek ere saioak eskainiko dituzte beren web, telebista eta irratietan.
Hainbat helburu
Programa ekoizten ari diren Matx eta Basque Teameko arduradunak bat datoz helburuak zehazteko orduan: “Agente txikiek egiten duten lana aitortu nahi dugu eta kirol gutxituei ikusgarritasuna ematea da gure nahia; kirol masiboetatik haratago erreferenteak sortzea. Azkenik, sareetan entretenimendua eskainiko duten euskarazko kirol-edukiak sortzeko beharra identifikatzen jarraituko dugu”.
Ildo horretan, gogoratu behar da, gainera, Basque Team Fundazioa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan dagoela, eta arreta berezia jartzen duela euskararen erabilera sustatzen. Goi-mailako kirolariak eragile paregabeak dira horretan laguntzeko, balio eredugarriak dituztelako gizartearentzat.