Markel Fernandezek zilarra lortu du pista estaliko Munduko Atletismo Txapelketako 4x400 metroko mistoan
21-martxo-2026

Markel Fernandezek zilarra lortu du pista estaliko Munduko Atletismo Txapelketako 4x400 metroko mistoan

Sopelako kirolariak, Paula Sevilla, David Garcia Zurita eta Blanca Hervasekin batera, aparteko lasterketa bat sinatu du Torunen (Espainiako errekorra hautsita), eta horretan Belgikako laukoteak baino ez du garaitu 

Markel Fernandez bizkor ari da hazten atletismoaren munduan. Kirolaria Basque Team Zentroan prestatzen da, Iago Hermida entrenatzailearen eta erakundeko talde biomediko-teknikoaren begiradapean, eta bere palmaresari batu dizkion azken garaikurrei, Espainiako txapelketa tarteko, beste bat gehitu dizkie gaurkoan Polonian jokatzen ari diren pista estaliko Munduko Txapelketan 4×400 metroko errelebo mistoan zilarrezko domina bereganatuta. Probak Munduko txapelketako programan egin du aurten debuta. Markel Fernándezek, Paula Sevillak, David Garciak eta Blanca Hervasek osatutako taldeak 3:16.96an gelditu du kronoa, Espainiako errekorra hautsiz, Belgikak irabazi duen lasterketan (3:15.60). Brontzea hasieran Jamaikarentzat izan da 3:17.13ko markarekin, baina minutu batzuk geroago lehen aldaketa irregularrarengatik deskalifikatua izan da, eta Poloniak itxi du podiuma (3:17.44).

Markelen lana laukotean argia zen: dena ematera irtetea, kale librera iristean ahalik eta ondoen jartzeko, Paula ondo kokatuta uzteko. Lehenengo kaletik irteteak kalte egin dio lehen txandan, eta lekukoa azken postua eman dio taldekideari, gerra-zauriren bat utzi dion atleta holandarraren etengabeko oldarraldien artean. Hala ere, lehen aldaketaren unean izandako iskanbilagatik sortutako nederlandarren eta estatubatuarren arteko erorikoak mesede egin dio taldeari.

Paula Sevilla ez da kaltetua izan eta laugarren postuan hasi du bere ibilbidea. La Solanako atletak bete-betean sartu du laukotea dominen lehian, David Garciari eman baitio posta, honek aukera babestu du eta podiumari eutsita Blanca Hervasi, banakako lehian Torunen finalista izan denari, eman dio aukera.

Madrildarrak bere indarrak kudeatzen jakin du. Jamaikako Leah Andersonengandik metro bat baino gehixeagora mantendu da, Justuna Swiety-Ersetic poloniarrak behar baino gehiago hurbildu gabe, eta lasterketa azken txanpan errematatu du karibetarra gainditzeko eta zilarrezko domina lortzeko, Espainiako errekorra eginda: 3:16.96 (aurrekoa 3:17.12 zen).

Poloniako Torun herrian atletismoko urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatzen ari dira asteburu honetan. 22 atletaz osatutako Estatuko segizioan Markel Fernandez sartu dute. 4×400 errelebo mistoko proban parte hartuko zuela ziurtatuta zuen, eta Munduko rankingaren azken eguneratzeek, gainera, 400 metroko lasterketan lehiatzeko aukera eman diote pista estaliko Munduko Txapelketa batean egindako debutean. Banakako lehia horretan finalerdietarako txartela lortu zuen, eta 12. postuan amaitu zuen atzo.

Markelek Poloniara joan aurretik esaten zuen asteburu honetakoa “denboraldiko hitzordu garrantzitsuena” izango zela, ondoren aire libreko Birgminghameko Europako Txapelketa izango duen arren. “Ondo ari gara lanean eta gauzak ateratzen ari dira. Asko zaintzen naute eta pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin. Orain pastelaren gingilaren bila goaz”, zioen. Poloniara parte hartzera ez ezik, lehiatzera ere joango zela ziurtatu zuen.

Horrela, Markel hasiberriaren ilusioarekin joan zen txapelketa honetara, baina baita Europako zilarra zintzilikatzea zer den dakienaren anbizioarekin ere.

Atleta bizkaitarra une bikaina bizitzen ari da. Duela gutxi 400 metroko Espainiako txapeldun titulua irabazi zuen 46:69ko denborarekin, bere lehen titulu absolutua. Salamancan ere lortu du duela gutxi, Gaztela eta Leongo Txapelketan, 46 segundotik jaistea distantzia berean, estatu mailan oso atleta gutxik lortu dutena. Berea, une honetan, Espainiako atletismoaren historiako laugarren markarik onena da. Gainera, Euskadiko eta Bizkaiko errekor absolutuak hautsi zituen.

Markel Fernandezek diziplina anitzetan eman zituen lehen pausoak kiroletan: txirrindularitzan, igeriketan, esku-pilotan… bere herriko haurren lehiaketa herrikoi batean hirugarren izan zen eta atletismoa egitea gomendatu zioten arte.

Horrela hasi zen Berango Atletismo Taldean, iraupeneko lasterketetan korrituta, krosean eta 1500 metrokoan. Urtebetean Durangoko klubera joan zen. Kluben arteko ligan ez zegoen inor 400 metroko proban lehiatzeko, bera aukeratu zuten, ondo egin zuen eta bertan geratu zen.

Kasualitatez deskubritu zuen bere talentu handia, baina “ezin dut esan 400 metrokoa gustatzen zaidanik, atletismoko zailenetakoa delako. Esprint proba konstantea da, eta azido laktikoak akabatu egiten zaitu azken metroetan, baina azkenean hori naiz, 400 metroko atleta, eta pozik nago egiten dudanarekin”, adierazi du.

Hala ere, bere ibilbide motzean, Markelek ere emaitza bikainak lortu ditu errelebulari gisa: zilarra Apeldoorneko pista estaliko Europako Txapelketako 4×400 metrokoan eta urrea aire zabaleko 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, Bergenen, 2025ean.

Espainia potentzia handia bihurtu da berriki errelebo-probetan. Markelek ere gora egin du lehiaketa hauetan. Pertsonalki, Markelek dio nahiago duela lekukoa eraman “hasieran edo erdian, bigarrenean edo hirugarren postuan, azken postan egoteak batzuetan tentsio pixka bat ematen baitit”. Hala ere, horrela egin zuen 23 urtez azpiko Europako txapelketan, adibidez.

Nabarmendutako emaitzak nazioarte mailan
2021
20 urtez azpiko Europako txapelketa, Tallin, 22., 400 metro, 48,58 
20 urtez azpiko Europako txapelketa, Tallin, 13., 4×400 metro, 3:17.81
2022
20 urtez azpiko Munduko txapelketa, Cali, 16., 400 metro, 46,88
20 urtez azpiko Munduko txapelketa, Cali, 4., 4×400 metro, 3:06.91
2023
23 urtez azpiko Mediterraneoko txapelketa pista estalian, Valentzia. 1.go, 400 metro, 46,99
Europako txapelketa pista estalian, Istanbul, 4., 4×400 metro, 3:06.87
23 urtez azpiko Europakko txapelketa, Espoo, 13., 400 metro, 46,92
23 urtez azpiko Europakko txapelketa, Espoo, 6º, 4×400 metro, 3:05.68
2024
Atletismoko txapelketa Iberoamerikarra, Cuiabá, 8., 400 metro, 47,77
2025
Pista estaliko Europako txapelketa, Apeldoorn, 8., 400 metro, 46.82
Pista estaliko Europako txapelketa, Apeldoorn, 2., 4×400 metro, 3:05.18
Pista estaliko Munduko Txapelketa, Nanjing, 400 metro (ez zen lehiatu gripeagatik)
Munduko Errelebu Txapelketa, Canton, 15., 4×400 metro, 3:02.12
23 urtez azpiko Europako txapelketa, Bergen, 6.a, 400 metro, 46.02
23 urtez azpiko Europako txapelketa, Bergen, 1., 4×400 metro, 3:02.02
2026
Munduko Txapelketa pista estalian, Torun, 2., 4×400 metroko mistoa, 3:16.96

Honekin lotutako berriak

13-apirila-2025

Majida Maayouf Basque Teameko kirolaria, Europako txapeldunorde maratoian

Informazio gehiago
11-martxo-2025

Markel Fernandezek Apeldoorneko Europako Indoor Txapelketako 4×400 metrokoan irabazitako zilarrezko domina aurkeztu du etxean 

Informazio gehiago
09-martxo-2025

Markel Fernandezek zilarrezko domina irabazi du Apeldoorneko Europako Indoor Txapelketako 4×400 metrokoan 

Informazio gehiago
11-abuztu-2024

Majida Maayouf Basque Teameko atletak 17. postuan amaitu du Parisko Jokoetako maratoia

Informazio gehiago
08-uztaila-2024

BAT TO PARIS

Informazio gehiago
04-uztaila-2024

John Cabang hesi lasterkariari eskainitako atalak ‘BAT To Paris’ telesaila itxiko du

Informazio gehiago