"Jomuga gisa ditugu Jokoak, eta Los Angelesen domina bat berriz lortzea dugu helburu"
Basque Teamek Anton Legorburu errugbi jokalariarekin hitz egin du denboraldi ikusgarri baten balantzea egiteko
Anton Legorburuk, Basque Team Fundazioaren beka duen errugbi jokalariak, denboraldi bikaina burutu du. Europako Txapelketako lehen seriean lehiatzea galarazi zion lesioa ia guztiz ahaztuta dauka. Bigarren seriean, Hanburgon, parte hartu eta kontinenteko zilarrezko domina eskuratu zuen. Donostian, bere etxean, egingo dituen opor-egunak aprobetxatu ditugu berarekin solasteko bere lorpenei eta hastapenei buruz.
“Denboraldi bikaina izan da. Oso pozik nago. Ni errugbian hasi nintzen, aitak Bera-Beran jokatzen zuelako. Berak sartu zidan arantzatxoa. Kirol asko egin dut beti. Futbolean jokatzen nuen, errugbian… eta, azkenean, aitarekin Zeelanda Berrira egindako bidaia batean, 2011n, maiteminduta geratu nintzen, Zeelanda Berrian kirol erregea delako. Itzuleran esan nuen errugbian bakarrik jokatu nahi nuela, eta gaur arte” dio.
“Bera-Berak, nire klubak, zazpiko errugbiaren aldeko apustua egin du beti, beraz, aitak bietan jokatzen zuen, baina beti jokatu du gehiago XVeko errugbian. Nire kasuan, orain zazpiko errugbian jokatzen dut. Modalitatean espezializatzeko puntu bat iristen da, baina XVeko errugbian jokatzen klubetan hasten zara beti, eta 18 urtez azpikoetara iristen zarenean, zazpiko Europako txapelketa iristen da. Orduan eman nuen nik pausoa zazpiko errugbiko absolutuan sartzeko”.
Anton Legorburu noizbehinkako kontzentrazioetan parte hartzen hasi zen, baina estatuko selekzioaren zutabeetako bat bihurtu da. Horrek presio pixka bat ekartzen du, eta batez ere erantzukizuna.
“Hasieran kontzentrazio batzuetarako deitzen zidaten, baina ez nintzen finkoa selekzioan, eta duela bi denboraldi eman zen Malagara kontzentrazio iraunkor batera joateko aukera. Aurtengoa nire bigarren denboraldi osoa izan da, selekzioarekin kontratu finko batekin. Aldaketa dago noizean behin kontzentrazio batera joatetik finkoa izatera pasatzen zarenean” azpimarratu du.
Donostiarrak denboraldi bikaina bizi izan du. World Serieetako lehen dominari Munduko finaletako zilarra eta zilar kontinentala gehitu behar zaizkio.
“Denboraldia behetik gora joan da. Lehenengo domina Dubain eskuratu genuen, azaroan. Baja dezenterekin heldu ginen, jende berriarekin, utzi zuen jendearen bajekin, eta goitik hasi ginen, zilarrezko domina bat lortuz, historian lehen aldiz, eta egia esan, ondo hasten zarenean, dena doa jarraian, dena primeran doa eta denboraldi historikoa egin dugu, Europako txapelketan zilarrezko domina bat ere bereganatuta, beraz, dena oso arin joan da. Los Angeleseko finalean egoteko Top8an sartu behar ginen eta hori lehen aldiz gertatu da. Hegoafrikaren aurka irabazi ezin izan genuen final handira iritsi gara. Txapelketa super berezia izan zen Los Angelesekoa, eta senide eta lagun asko etorri ziren. Min hartu nuen eta ezin izan nuen finalerdian eta finalean jokatu, baina taldea babesten aritu ginen eta Hegoafrikari irabaztea bakarrik falta izan zitzaigun. Datorren denboraldirako utziko dugu” dio txantxetan gipuzkoarrak.
Hori lortzeko, oso talde finkoa dute, eta, lankideak izateaz gain, lagunak ere badira.
“Zelai barruan zein kanpoan ikusgarria den talde bat dago eta horrek denboraldia hasteko gogoa ematen dizu. Asko laguntzen digu jokalarien eta lagunen nukleo bera jarraitzeak. Horrek gogo handia izaten eta datorrenerako oso motibatuta egoten laguntzen dizu” azpimarratu du donostiarrak.
Urtez urte joan behar den arren, Legorbururen epe luzerako helburua sailkapen olinpikoa da. Los Angelesen podiumera igotzearekin amesten dute. Euren artean horri buruz egin zuten berba, World Serieseko finalean zilarra lortu zutenean.
“Espainia Rio de Janiero 2016an sailkatu zen, errugbia olinpikoa izan zen lehen aldian, eta ez gara berriro Joko batzuetan egon. Zaila da sartzea, plaza gutxi daudelako eta maila altua delako, baina tematuta gaude Los Angelesko Jokoetan egotearekin. Hori da helburua: Los Angelesen domina bat berriz eskuratzea. Oso zaila da denboraldi honetan egin duguna; lortu dugun lehen aldia da. Egunero egiten dugu lan helburu horrekin, baina ez da batere erraza izango. Aita zazpiko errugbia irakasten hasi zitzaidan Rio 2016ko sailkapena gertatu zenean. Gainera donostiar batek egindako entsegu batekin lortu zuten pasea, eta niretzat hori helburu nagusia izango litzateke, amets basati bat. Egia esan, oraindik ez dut neure burua han ikusten. Ez dut imajinatzen diotena, atleta batentzako jokoek suposatzen duten hori. Errespetua ere ematen dit esateak, baina gogo eta ilusio handiarekin nago” dio Antonek, aurpegia betetzen dion irribarre bat ahoan duela.