Basque Teameko Juan del Campo eta Aingeru Garay eskiatzaileek lan ona egin dute Saalbacheko Munduko Txapelketan eta 23. eta 29. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren
Juan del Campo bilbotarrak hogeita hirugarren amaitu du Saalbachen jokatu den eski alpinoko Munduko Txapelketako eslaloma, estatu mailan ondoen kokatutako kirolaria izanik. Ondoren, Aingeru Garay galdakoztarrak amaitu du, hogeita bederatzigarren postuan. Bi euskal eskiatzaile aritu dira proba teknikoetako ospetsuenean, eta biak sartu dira Top 30ean. Emaitza oso ona izan da, Suitza, Austria, Alemania, Norvegia edo Frantzia bezalako potentzien maila kontuan hartuta. Oraingoan Loic Meillard suitzarrak irabazi du eski alpinoko Munduko Txapelketaren 48. Edizioko eslaloma.
Del Campok (30 urte) bi txandak osatu ditu aipatutako Saalbacheko estazioko Ulli Maier pistan -1.279 metroko altueran eta 218 metroko desnibelean- minutu bat, 57 segundo eta 59 ehunenetan. Meillardengandik hiru segundo eta 57 ehunenera geratu da, 75 urtetan Suitzako lehen eslalon txapelduna izan dena. Suitzarrak eraman du garaipena Atle Lie McGrath norvegiarraren eta Linus Strasser alemaniarraren aurretik.
Juanek 30. postuan amaitu du bere lehen jaitsiera, eta 1:02.57an gelditu du kronoa. Bigarrenean hobetu du bere jarduna, 55.02ko denborarekin, hautsitako atzamar batekin lehiatu arren. Azken Munduko Txapelketetan, Courchevel Meribelen, orain dela bi urte, 21. postuan amaitu zuen Juanek eslaloma, baina azpimarratu behar da denboraldia zaila izaten ari dela Del Camporentzat.
Basque Teameko beste kirolariak, Aingeru Garayk, hogeita bederatzigarren bukatu du, zazpi segundo eta 41 ehunenera. Aingeruk Fundazioko komunikazio taldeari esan dio ez zegoela erabat gustura egindakoarekin, badakielako gehiago eman dezakeela. Lehenengo jaitsieran 38. postuan amaitu du, 1:04.17ko denbora eginda, baina bigarrenean askoz hobeto jaitsi da, akatsak zuzendu ditu eta 57.26ko denborarekin helmugaratu da. Galdakaoko kirolaria pixkanaka hobetzen ari da. Duela bi urte Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin zuenean, Aingeruk hogeita hamabosgarren amaitu zuen eslaloma. Del Campok bezala, orain Munduko Kopako beste bi hitzordutan eta Europako Kopako beste batzuetan jarriko du arreta. Gogoratu behar da urte hau preolinpikoa dela, 2026ko Milango Cortina d ‘Ampezzo Jokoen aurrekoa.
Gaurko finalean Tomas Barata hogeita hamaseigarren izan da, eta Quim Salarich katalana deskalifikatua izan da lehen jaitsieran ate bat ez duelako pasa.