Basque Teameko Aingeru Garay eskiatzailea Saalbacheko Munduko Txapelketako eslalomeko finalean sartu da
Biharko finalean Fundazioaren bekaduna den beste kirolari bat ere lehiatuko da, Juan Del Campo
Euskal ordezkaritza bikoitza egongo da eslalomeko finalean, eski alpinoko Saalbacheko Munduko Txapelketako azken proban. Aingeru Garayk gaur lortu du txartela, Juan del Campok rankingean duen postuari esker aurre egin behar izan ez dion sailkapen-saioan hogeigarren azkarrena izan ondoren.
Garayk hamabigarren denborarik onena egin du lehen jaitsieran, eta 48.11 segundoren ostean helmugaratu da, Luke Winters estatubatuarrarengandik 2.27ra. Bigarrenaren ondoren hogeigarren postura jaitsi da, nahiz eta kontuan izan behar den gaur helburua biharko eslalomeko finala jokatzeko txartela ziurtatzea zela.
Galdakaoko eskiatzaileak oso sasoiko dagoela esan dio Basque Teameko komunikazio taldeari, eta denboraldi honetan, Munduko Kopako hitzordu bakar batean ere lehen 30en artean ez sartu arren, bera eta Juan oso gertu geratu direla pare bat aldiz.
Aingeru Garayk jokatu du jada eslalom erraldoia Munduko txapelketa honetan. Finalean sartu zen, baina ez zuen proba bukatzerik lortu. Saalbach-Hinterglemmekoa bigarren Munduko Txapelketa absolutua da bizkaitarrarentzat, duela bi urte Courchevel-Meribelen debutatu baitzuen.
Biharko 09:45etatik aurrera eslalomeko finaleko lehen txanda jokatuko dute. Dominen borroka 13:15ean hasiko da. Garay eta Del Camporen helburua hogeita hamar onenen artean sartzea da.
Bi aste hauetan Austriako Zwölferkogel mendian euskaldunen parte-hartze errekorra izan dugu. Ander Mintegui eta Areson bizi den Adur Etxezarreta donostiarra izan ziren abiadura probetan lehiatzen lehenak: supererraldoia eta jaitsiera. Ondoren, taldekako konbinatuaren formatu berriaren txanda iritsi zen. Mintegik arantzatxoa atera zuen horretan, eta Basque Teameko alpinoko eskiatzaileen parte-hartze historikoa proba teknikoek itxiko dute: Aingeru Garayk eslalom erraldoiarekin eta eslalomarekin, eta Juan del Campo zuzenean bere espezialitateko finalean sartuta.