basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
29
maiatza
2012

PODIUM OLINPIKORA IGOTZEKO HELBURUA DUTE MAIALEN CHOURRAUTEK, ANDER ELOSEGIK ETA SAMUEL HERNANZEK UR BIZIETAKO PIRAGUISMOAN

Euskal kirolak ordezkari bikainak izango ditu piraguismoan, eta bereziki ur bizietako modalitatean, Londreseko Joko Olinpikoetan. Hiru kirolari eta hirurak domina eskuratzeko aukerekin: Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Samuel Hernanz. Babesa ematen dien Basque Team Fundazioaren egoitzan egin dute gaur agerraldia, Jokoetarako prestaketaren azken txanpan bete betean sartu aurretik beraien iritzi eta sentsazioak plazaratzeko. Beijingen ere […]

Euskal kirolak ordezkari bikainak izango ditu piraguismoan, eta bereziki ur bizietako modalitatean, Londreseko Joko Olinpikoetan. Hiru kirolari eta hirurak domina eskuratzeko aukerekin: Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Samuel Hernanz. Babesa ematen dien Basque Team Fundazioaren egoitzan egin dute gaur agerraldia, Jokoetarako prestaketaren azken txanpan bete betean sartu aurretik beraien iritzi eta sentsazioak plazaratzeko.
Beijingen ere parte hartu zuen Maialen Chourrautek eta gaur bere poza azaldu du “iristear dagoelako azken lau urteetan buruan izan dudan lehiaketa”. Lasartearraren ustez orduan bizi izandako esperientzia-hamaseigarren postuan amaitu zuen orduan- “gaizki atera zen” eta orain bere burua “lau urte nagusiago ikusten du, beste lau urteko esperientziarekin eta ilusioz gainezka”. Maialenen ustez “sei edo zazpi hautagai daude dominak lortzeko, eta horien artean ni neu” eta arerio zuzenenak aipatzerakoan “eslobakiarrak, oraindik ez dakigun arren zein izango den ordezkaria, britaniarrak bi urtez jarraian jokoetako kanalean entrenatzen aritu direlako eta hauekin batera Frantzia eta Alemaniako ordezkariak. Stepanka Hilgertova txekiar beterana ahaztu gabe, 44 urte dituen arren urrezko bi domina ditu jokoetan eta faboritoen artean dago beti”

Ander Elosegik ere bigarrenez hartuko du parte Joko Olinpikoetan eta adierazi duenez “Beijingen lortutako laugarren postuaren ondoren domina lortzea izan behar da orain helburua, nahiz eta lehia oso gogorra izango den”. Bere burua “aukera askorekin eta ilusioz gainezka ” ikusten du irundarrak eta azken lau urteetan nazioarte mailan pilatutako esperientzia baliatu nahi du. Anderren aburuz podiumera igotzeko giltzarria “lehiaketara egunera sasoiko iristea izango da, ideiak argi izan eta lan ona egin, ahalik eta txukunen egokituz”. Beijingen azken atean izandako akatsa ekarri du gogora, dominetatik kanpo utzi zuena, eta gaineratu du “kirol honetan konzentrazioa funtsezkoa da eta edonork akats egin ditzakeen arren ezustekoak ahal den neurrian saihestu beharra dago”. Aurkarien gainean piraguista gipuzkoarrak aitortu duenez “zaila da kinielak egitea jende asko dagoelako aukerekin”, hautagaien artean frantziarrak, eslovakiarrak eta alemaniarrak aipatu dituen arren.

Bestalde Samuel Hernanz da, euskal piraguisten artean, esperientzia olinpikoa falta zaion bakarra. Aitortu du “estresagarria izan dela Londreserako sailkapena lortzea eta orain azken txanpa datorrela, prestakuntzaren detaile guztiak zorroztea”. Dena dela, Ingalatarreko hiriburuan egoteak sortzen dion poza azaldu nahi izan du eta adierazi duenez “lan txukuna egiteko gogo itzelarekin doa Londresera, energiaz gainezka” bere lehendabiziko parte-hartzean.

Maialen Chourraut Yurramendi (Lasarte-Oria, 1983/3/8) Bere bigarren aukera izango du hitzordu olinpikoan, Beijing 2008an 16. postuan amaitu eta gero. K1 modalitatean arituko da, ur bizietako bakarkako kayakean, Europako txapelketetan domina bat lortu duen estatuko lehen piraguista delarik.

La Seu D’Urgellen bizi da Maialen lehiaketa garaian, bertan baitago piraguismoko goi errendimenduko egoitza. Bere kirol-ibilbdean 10 aldiz eskuratu du Espainiako Txapelketan, brontzeko domina lortu zuen 23 urtez azpiko Europako Txapelketan eta Munduko azpitxapelduna izan zen 2009an. 2011 denboraldian emaitza bikainak lortu zituen, brontzea eskuratuz Bratislavako Munduko Txapelketan eta urteko ranking-a 4. postuan amaituz. Jokoetan uztailaren 30ean ekingo dio lehiaketari hasierako kanporaketetan, beti ere abuztuaren 2an jokatuko diren finalera iristeko esperantzarekin.

Ander Elosegi Alkain (Irun, 1987/11/14) Honek ere bere bigarren parte-hartze olinpikoa izango du Londresen, Beijingen 5. postu bikaina lortu zuelarik (diploma olinpikoa). C1 modalitatean arituko da, ur bizietako kanoan alegia. 2010ean brontzezko domina eskuratu zuen La Seu D’Urgellen jokatutako Munduko Kopan eta iaz lortutako emaitza aipagarriei esker Londresen aukera asko izango ditu onenen artean egoteko: 5. izan zen Bratislavako Munduko Txapelketan, 4. La Seu D’Urgelleko Munduko Kopan eta zilarrezko domina lortu zuen L’Argentierekoan. Londresen uztailaren 29an lehiatuko da hasierako kanporaketetan, 31ko finalearako sailkatzeko aukera askorekin. 

Samuel Hernanz (Tarbe-Frantzia, 1986/5/4) herritartasun bikoitza duen arren beti lehiatu izan da espainiako selekzioarekin. Maialenek bezala, Donostiako Atletiko taldeko kidea da eta K-1 modalitatean arituko da Londresen, bere kasuan estreinekoz Joko Olinpikoetan. Bilakaera nabarmena izan du 2008a ezkeroztik, urrea, zillarra eta brontzea lortu zituen Espainiako Txapelketan, bi brontzezko domina Europakoetan eta laugarren postu bat Munduko Kopan. Hala ere iazkoa izan zen denboraldirik borobilena Samuelentzat: Espainiako txapeldun, zilarra Europako txapelketan eta L’Argentiereko Munduko Kopan, 4. Leipzigeko Munduko Kopan eta 13. Bratislavako Munduko txapelketan. Emaitza horri esker Nazioarteko Piraguismo Federazioak (ICFak) egin ohi duen sailkapenean 4. posturaino igo zen. Uztailaren 29an jokatuko ditu Samuelek kanporaketak Londresen eta finala berriz abuztuaren 1erako iragarrita dago.

 Era berean euskal piraguista olinpikoen agerraldia aprobetxatu du gaur Fundazioak, Astore etxeak Basque Team-en babespean dauden kirolarientzat atera duen arropa diseinu berria aurkezteko. Azken sorkuntzako ehun teknikoaz egindako lau jantzi dira guztira, kirol jardueran ahalik eta erosotasun handiena eskeintzeko. Teamwear lineako arduraduna den Eñaut Aranberriren hitzetan, “inspirazio europearra duen jantzi sorta bat da, itsas urdinean oinarrituta eta patroi modernoekin”.
Astorek Basque Team-entzat sortu duen kolekzioarekin goi mailako kirolarekin duen konpromisoa azaldu du,  eta era berean Joko Olinpiko eta Paralinpikoetara joango diren Euskal Erkidego Autonomoko kirolariei eman nahi izan die babesa.

Zortzi bloggariren kontakizuna
Bestalde, Basque Team Fundazioak esperientzia olinpikoa bertatik bertara bizi eta sare sozialen bitartez kontatzeko aukera irabazi duten zortzi gazteak aurkeztu ditu. Horretarako-Gazteaukera atariarekin elkarlanean-lau neska eta lau mutil aukeratu dituzte, “Gazte Olinpic Team” lehiaketan parte hartu duten hirurogeitik gorakoen artean aukeratutakoak. Sariak zenbait lehiaketa zuzenean ikustea ahalbidetuko die eta horrez gain euskal kirolarien eguneroko bizitza gertutik jarraitzeko aukera, guzti hau sare sozialen eta blogen bitartez beraien ikuspuntu pertsonalarekin kontatzeko helburuarekin.

Epaimahaiak azken hilabete eta erdian ‘Euskadin egingo dira 2020ko Joko Olinpikoak’ lemapean aurkeztutako (euskaraz nahiz gaztelaniaz) 60 testu eta 12 bideoen irudimena eta originaltasuna baloratu ondoren, Alexander Padilla Lopez,  Eider Arambarri Echeberria, Karel Lopez Gomez eta Maite Goiriena Goikoetxearen proposamenak aukeratu ditu Olinpiar Jokoetarako (uztailaren 31tik abuztuaren 9ra), eta Ane Bores Pascual, Egoitz Maeso Gallego, Eneko Palomero Perez eta Janire Renobales Troncosorenak Joko Paralinpikoetarako (abuztuaren 29tik irailaren 9ra).

Basque Team

Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da BAT Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ eta Cespa-Ferrovial. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo horretan, BAT Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.