
iraila
2012
OINARRIZKO KANPALEKURAKO BIDEAN SHERPEN HIRIBURURA HELDU DIRA IÑURRATEGI, VALLEJO ETA ZABALZA
Espero bezala oinarrizko kanpalekura gerturatzen ari da NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioa eta atzo Namche Bazaar herrixkara heldu ziren. 1.700 biztanle dituela Nepalgo eskualde honetako handiena da eta sherpen hiriburutzat jotzen dute bertakoek. 3.400 metroko garaieran kokatzen da eta Chukungeko noranzkoan bide erdian. Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak oinarrizko kanpalekua bertan ezartzeko asmoa daukate. Barajasetik astelehenez […]
Espero bezala oinarrizko kanpalekura gerturatzen ari da NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioa eta atzo Namche Bazaar herrixkara heldu ziren. 1.700 biztanle dituela Nepalgo eskualde honetako handiena da eta sherpen hiriburutzat jotzen dute bertakoek. 3.400 metroko garaieran kokatzen da eta Chukungeko noranzkoan bide erdian. Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak oinarrizko kanpalekua bertan ezartzeko asmoa daukate.
Barajasetik astelehenez abiatu ondoren asteartean heldu ziren Katmandura hiru alpinistak eta ostegunean Luklarako hegazkina hartu zuten . Zorionekoak izan ziren Hilamayarako bidean egingo duten azken geldialdian, izan ere, bertako aireportu txikiak ateak itxi behar izan zituen behelainoaren eraginez, espediziokideak atera eta berehala.
Nuptsera hurbiltzeko lanen bide erdian aurkitzen dira orain euskal mendizaleak eta beraiekin izandako azken hartuemanean 4.700 metrora dagoen Chukung herrira hurrengo astelehean iristea espero dutela adierazi dute
Komunikazio lanetan aritzen den Juan Vallejok honako lerro hauek utzi dizkigu gaur bertan “oso interesgarritzat” jotzen duen sherpen hiriburutik:
“Inguruko herrixkarik handienera heldu gara, Namche Bazaarera. Atzo 2.800 metrora egin genuen lo, Monjo izeneko beste herri batean. Namche bi ordu eskasera dago baina geldialdia hau nahi eta nahi ezkoa dugu eta gainera altuera somatzen ari garenez motelago joan behar dugu. Bihar (gaurkoz) Tiangbochera iristea espero dugu, igandean Dingbochera eta 24an espero dugu Chukungera iristea, 4.700 metrora bertan oinarrizko kanpalekua ezartzeko. Momentuz eguraldia ez da batere ona baina euririk ez dugu. Gutxigatik heldu gara Luklara, lurreratu eta segituan sartu baita behelainoa eta hegaldiak ere eten egin dituzte. Okerrena da bakarrik heldu ginela, beste hegaldi batean iristekoa zen kargarik gabe eta ez dakigun noiz berreskuratuko dugun Aurreko egunetan ere lurreratze gutxi egon denez lasaitasun handia dago eta turista gutxi bidean”.
NATURGAS BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZIOAk Everesteko hego-mendebaldetik hiru kilometro eskasera dagoen mendi bat jarri du helburu moduan. Nuptse, hegoaldetik, bost kilometroko zabalera duen horma da, oso bestelako bost tontor dituena, guztiak 7.700 metrotik gorakoak. Tontor nagusia 6 aldiz igo da soilik, eta behin baino ez hegoaldeko hegaletik, euskal espedizioak helburutzat jarri duen bidetik. Jatorrizko zailtasunez gain Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak alpetar estiloak dakartzan mugak gehituko diote erronkari ( oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe), orain arte espedizio frantsez batek egin du saiakera hori soilik, eta arrakastarik gabe.
Behin oinarrizko kanpalekura helduta zenbait igoera azkar burutu nahi dituzte egokitzera bidean, inguruan dauden tontorretara alegia. Prestakuntza amaitu ondoren urriaren erdialdean espero dute baldintza onetan egotea Nuptseko igoerari ekiteko.
Hiruko kordada
Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejo (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) bi. Hiruren artean, esperientzia zabala bildu dute alpetar estiloko igoeretan, eta hau ezinbestekoa da espedizio honetan finkatu den erronka latzari aurre egin ahal izateko. Estilo horretan eskalatu dituzte Shisha Pangmaren hegomendebaldeko hegala (8.027 m.), Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren hegoaldeko hegala (6.962 m.). Era berean, alpetar estiloan ahalegindu ziren Hornbein korridorea zeharkatzen, Everesten iparraldeko hegalean (8.500 metroraino iritsiz), baita Dunagiriren iparraldeko hegala eta zailtasun handiko baina altuera txikiagoko beste mendi batzuk ere, hala nola, Izenik Gabeko Dorrearen Eternal flame deritzon bidea edota Changi Tower-en ireki zuten Ludopatia bidea (azken hauek Karakorumen). Duela lau urte, hiru mendizaleak G-IVren (7.913 m.) ipar gailurrera igo ziren, ez alpetar estilo hutsean, baina oso estilo arinean. 2009an, Makaluren mendebaldeko harroina eta Everesteko Hornbein korridorea alpetar estiloan igotzen saiatu ziren. 2010ean argi geratu zen alpetar estiloko hiruko kordada honen nagusitasuna Broad Peak-en historia egin zutenean, bide berri bat irekiz eta hiru tontorrak zapalduz.
Basque Team
Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ, Cespa-Ferrovial eta Euskaltel. Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.
Basque Team Fundazioaz gain, NUPTSEren hego hegalerako espedizioak, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren aurreko edizioek bezalaxe, Naturgas Energia eta BBK ere izango ditu babesle.