VirginiaDíaz
BIO
Virginia Diazek ez zuen pentsatzen arraunak hainbesteko garrantzirik izango zuenik bere bizitzan. Kasualidadez hasi zen kirol honetan, Astilleroko entrenatzaile bat eskoletara joaten zelako probak egiten. Virginiak proba egin zuen eta arraunak harrapatu zuen aurretiaz egindako igeriketak, saskibaloiak edo beste kirol batzuek baino gehiago.
Virginiak talentua eta diziplina bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean aritzen den arraunlari honek banku mugikorrean maila gorenera iristeko urte asko daramatza prestaketa-lanetan. Bere gaitasunei esker estatuko selekzioak deitu egin du 15 urte zituenetik. Are gehiago, beste esparru batzuetan, eroso sentitzen den eremutik kanpo, nazioarteko mailan arrakasta lortzea zer den badaki, Estatu Batuetan unibertsitateetako txapelduna izan baitzen.
2015. urtearen hasieran bost hilabete egin zituen Miamin ikasketetan lortutako beka bati esker eta han Floridako unibertsitatearekin estau mailako titulua erdietsi zuen 8+ modalitatean. Barry Universityn egindako egonaldian Philadelphiako eta Sacramentoko beste proba batzuetan ere parte hartu zuen.
Tokioko Jokoei begira modalitatea aldatu du eta orain Aina Cidekin batera egiten du arraun, lemazainik gabeko biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dute egoera berrira moldatzeko baina maiatzeko Lucernako Europako txapelketan argi geratu da lortu dutela, urrezko domina irabazi baitute, estropada bukaera ikusgarria eginda gainera.
Ottensheim-Linzen jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela eman zion.
Virginia erizaina da eta orain Euskal Herriko Unibertsitatean egiten dituen medikuntzako ikasketak goi mailako kirol praktikarekin uztartzen ditu.