02-azaroa-2023

"Geldiezinak" telesailaren laugarren atalak Maider Unda borrokalari ohiarengan jartzen du arreta

Maider Unda (enbaxadorea)

Dokumental sorta osatzen duten 12 atalak igande goizez eskaintzen dira ETB1eko “Helmuga” saioan (11:30)

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak bultzatutako “Geldiezinak” programak laugarren kapitulua eskainiko dio Arabako borrokalari ohiari, “Maider Unda, indar erakusle” izena duen atalarekin.


Maider Undak irudi gogorra eta indartsua igortzen du. Brontzea lortu zuen 2012ko Londresko Jokoetan eta diploma olinpiko bat 2008ko Beijingeko bosgarren postuagatik. Lan handia egin zuen puntu horretara iristeko eta gizonezkoen sektorearekin lotzen den diziplina batean erreferente izateko. Orain, goi maila utzi ondoren, gizonekin erlazionatzen den lanbide batean lan egiten du: abeltzaintzan eta gazta ekoizpenean. Maiderrek moldeak eta estereotipoak hausten jarraitzen du.


Maider Undarekin batera, Luis Crespo bere entrenatzaile ohiak, eta Angela Vilariño pilotuak eta Garoa Martinez halterak parte hartzen dute kapitulu honetan. Eurak ere gizonezkoen patroi nabarmenak dituzten beste diziplina batzuetako kirolariak dira.


Gainera, Amets Castrejana kirolean eta generoan aditua den antropologoak Maiderren figura deskribatzeko moduari buruzko gogoeta egiten du atal honetan, normalean ikuspegi androzentrikotik aztertu baita borrokalari ohiaren jarduna.

‘Geldiezinak-Imparables’ 
 
Europar Batasuneko Next Generation laguntzei esker finantzatutako “Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana”ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea aberastuko duten ereduak sortu nahi izan ditu, batez ere, goi-mailako euskal kirolari onenetako batzuen iragana, oraina eta, kasu batzuetan, etorkizuna ikusaraziz.


Helburua da goi-mailako euskal kirolaren historian nabarmendutako emakumeen lana eta lorpenak balioestea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du proiektua Basque Team Fundazioaren bidez gauzatzea. Horrela, azken urteotan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Fundazioak berak emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politikak bultzatzeko hartutako ildoarekin jarraitzen da.

Alde batetik, ‘Korima Films’ek ekoitzitako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB-1en, igandeetan, 11:30ean, ‘Helmuga’ saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean banatuko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman. Kapitulu bakoitzak hamaika minutu inguruko iraupena izango du, eta protagonista nagusi bat, nahiz eta beste kirolari eta kirol-arloko pertsona batzuek ere lagunduko dioten. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpikoak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.

Kapitulu bakoitzean, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira zeharka; esate baterako, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta, kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, prestakuntza mentala, emakumea goi-mailan egotea erraztuko duten egituretan inbertitzeko beharra…


Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.

 
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.